15:00etatik aurrera, 4x4ko futbol partidak izango dira Arkauteko zelaian, eta horiek amaitu bezain pronto, 20:00ak aldera, helduen 3x3 txapelketa hasiko da.
Haurrek ikastetxeen bitartez eman ahalko dute izena, eta antolatzaileek azaldu dutenez, erantzuna «sekulakoa» izan ari da. Antolatzaileek emandako datuen arabera, 280 haur inguruk eman dute izena txapelketan eta 60 talde misto osatu dira, 35 benjamin mailan eta beste 25 alebin mailan.
Helduen partidak 20.00ak aldera hasiko dira, eta parte hartu nahi dutenek ordu erdi lehenago eman beharko dute izena han bertan.
Auzoko festetan plazan jokatu ziren partidak, baina oraingoan Arkauteko zelaian jokatuko dira eta Udala arduratuko da belarra moztu eta zakur kakak kentzeaz. Hori dela eta, auzo elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkio udalari.
Saria ere izango da irabazleentzat: txuletak, sagardo botilak, piper poteak... Horrez gain, lau laguntzako afaria ere zozketatuko da Orbela tabernan.
Horrez gain, arratsaldea 80ko eta 90eko hamarkadetako musikarekin girotuko dute. Gainera, ogitartekoak eta edariak salduko dituzte.