Inauterietan ere laneko abusuei aurre egin!

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista Tolosaldea 2025eko otsailaren 27a

Badatoz tolosar gehienek emozioz eta ilusioz itxaroten dituzten festa egunak. Aurten otsailaren 27an hasiko dira inauteriak, eta gure herriko kaleetan bizitza gelditu egingo da sei egunez. Txarangak, koloretako txilabak, barrakak, mota guztietako postuak, eta hainbat eta hainbat ekitaldi bata bestearen atzetik. Nahi eta ahal duenarentzat, beraz, ez dago aspertzeko astirik.

Hala ere, jaietan dena ez da gozamena: batzuek euren lanarekin jarraitu beharko dute, beste batzuek langabezian, eta beste zenbait lanpostuan nagusien gehiegikerien aurrean babesgabe ikusiko da jaien testuinguruan. Jarduera handiko egun horiek, izan entitate publikoek, izan enpresa pribatuek ahalik eta etekin ekonomiko nahiz politiko handiena ateratzeko aprobetxatzen dute. Eta nola ez, hori guztia, bereziki, lan baldintzen prekarizazioari esker sostengatzen da.

Ostalaritzan, banaketan, garbiketa-zerbitzuetan, salmenta ibiltarian eta tankerako zerbitzuetan lanaldi nekagarriak izaten dituzte, erritmo frenetikoak, nahieran aldatzen zaizkien ordutegiak… Nolabait, normalizatu egiten dira horrelako egoerak “guztion ongizaterako” diren festak aurrera ateratzeko beharrezko baldintza bailiran. 

Adibidez, ostalaritzan, oso modu argian ikus daiteke festa giroa sostengatzeko langileek jasan behar dituzten baldintzak: 12 ordutara edo gehiagora iristen diren lanaldiak, otordua egiteko aukerarik izatekotan atsedenaldirik eza, lanaldi batetik besterako legezko deskantsu orduak ez errespetatzea, lan erritmoaren areagotzea, tentsioa eta tratu desegokiak lan eremuan zein ezkutuan geratzen diren erasoen gorakadak, esaterako. 

Era berean, gazte langile askorentzat, diru apur bat aurreztu ahal izateko, iñauterietan ostalaritzan lan egitea beharrezko erabakia izan ohi da; are gehiago, gazte langile askorentzat lan munduko lehen esperientzia izaten da. Hori horrela, nagusiek gazteon behar ekonomiko eta askoren esperientzia falta aprobetxatuz, festa hauetan langileon lan baldintzak are gehiago prekarizatuz handitzen dituzte euren urteko irabazirik garrantzitsuenak. Horren adibide dira, esaterako, zehazki zenbat kobratuko duten aurrez hitzartu gabe kontratatzea, festetako lan orduak ordu arrunt gisa ordaintzea, irabazien araberako estra irrigarriak ematea, ordutegia nahi eran moztu eta luzatzea, modu irregularrean kontratatzea eta ordaintzea...

Babesgabetasun egoera horien guztien aurrean, Laneko Autodefentsa Saretik festa testuinguruan ere  enpresariek eta instituzioek ezartzen dituzten lan baldintza prekarioen aurrean antolatzeko deia egiten dugu. Horretarako ahalbidetzen dugu 631 007 320 telefono zenbakia eta las.tolosaldea@gmail.com harremanetarako helbidea. Jarri harremanetan!

Festetan ere enpresarien eta instituzioen inpunitatearen aurrean antolatu!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!