ETTen oinarri nagusia ez da soilik kostuak aurreztea, betetzen duen izaera diziplinarioa baizik; hau da, langileengan islatzen duen sumisioa. Horren adierazle dira epe oso laburreko kontratuak, egutegien ezegonkortasuna, etengabe lanerako prest egon behar izatea… Horrela, bizi-ziurgabetasun erabatekoak, leku-aldatze etengabekoek, beharrezko material eta formakuntza faltek, lan esparruko arriskua nabarmen areagotzen dute.
ETTak leku batzuetan lan egiteko ia nahitaezko sarrera-iragazkia dira. Hau da, noizbait, enpresan zuzenean kontratatua izateko aurre baldintza izan ohi da aurretik bertan ETT bitartez lan egin izana. Azken finean, enpresak langilea baino langile otzana nahiago du plantillan. Horrez gain, ETTetako langileak bigarren mailako langile gisa ere hartzen dira, hain zuzen ere, ETTen bidez lanean dihardutenak sarritan arropa bereizia, funtzio berdinengatik bestelako baldintzak, oporrik eza, baja eskatzeko zailtasunak... pairatzen dituzte. Gainera, zailtasun handiak izaten dituzte euren lan baldintzen alde borrokatzeko; bai gainontzeko langileengandik bereizita aurkitzen direlako, eta baita euren lanak dituen ezaugarri ezegonkorrengatik ere.
Gure eskualdeko egoera ere horren guztiaren adierazle da, gaurkotasun osoa baitute ETTek gure inguruan. Kontratu mota horiek baliatzen dituzten enpresen artean, aski ezagunak dira “La Gula” eta Eceiza, besteak beste. Aipatu beharrekoa da bestelako lan aukerarik ez dutenak ikusten direla bertan lan egitera derrigortuak, hau da, gizarteko sektore zaurgarrienak. Horien artean, aldi berean ikastera eta lan egitera derrigortuak dauden gazteak, etorkinak, langabezian geratu diren helduak, maila goreneko ikasketak ez dituztenak, eta abar.
Hilabete hauetan zehar, ETT bidez kontratatzen duten zenbait enpresetako langileekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta bertan ematen diren gehiegikeriek eta eskubide urraketek auzitan jartzen dute ETTetako errealitatea.
Tolosaldeko Laneko Autodefentsa Saretik (LAS), guztiz beharrezko iruditzen zaigu ETTen suntsipena aldarrikatzea, eta batez ere, horiek ahalbidetzen dituzten arduradun politikoei, ekonomikoei eta sozialei aurre egitea. Gobernua eta bere alderdiak, enpresa kontratatzaileak eta ETTak zein sindikatuak dira egoera horren guztiaren konplize eta erantzuleak, eta ez daukate inongo interesik bertan lan egiten dutenen baldintzak hobetzeko.
Horregatik, Tolosaldeko LASetik, behar-beharrezkoa ikusten dugu gehiegikeria guztien aurrean klase elkartasuna antolatzea eta langileok gure bizi eta lan baldintzen alde antolatzeko espazio independenteak sortzea. Beraz, dei egiten dugu borrokara eta antolakuntzara batzera.
ETTak suntsitu!
Bigarren mailako langileak izateaz nazkatuta.