Iñauteriez eta poliziaren inpunitateaz

Tolosan aurtengo inauterietan agerikoa izan da Poliziaren presentziaren areagotzea eta ez dira falta izan horren ondoriozko atxiloketa, mehatxu, zein jipoiak ere. 

Hainbat eta hainbat izan dira polizia-jazarpen kasuak. Sona handiena Beotibar kalean pasatakoak hartu du, hainbat zaurituren artean, Billabonako gazte bati begian zauri sendaezina eragin baitie Foam jaurtigai batekin. Gainera, bada larritasun handiko beste gertakari bat ere, ez dena hain entzuna izan eta horregatik hona ekarri nahi dudana. Inauteriz mozorrotutako "sekretek" 17 urteko gazte bat atxilotu, komisaldegira bidean jipoitu, biluztu eta umiliatu egin zuten. Gertakari larri horiek erakusten dute noraino heltzen den polizia-jazarpena. Halaber, jendez betetako kale batean zer egiteko gai diren ikusita, inork ikusten ez dituen lekuan egiten dutena imajina dezakegu.

Bestalde, adierazgarria izan da gauetan munizipalek nola hartu duten parte karga eta atxiloketetan, eta nola aritu diren ohikoa baino intentsitate handiagoz gazteen aurka porrazoka. Doakie nire elkartasuna zaurituei, atxilotuei eta jazarriak izan diren guztiei.

Azken astean, berriz, Erkoreka Sailburua entzun behar izan dugu hamaika gezur lotsarik gabe esanda gauzak nahita nahasten; ikusi ditugu baita, erasoa burutu zuten berberak, Ertzainak, kale hartara joan eta gertatua “ikertzen” ere. Esan beharrik ez dago eta inauterien harira garbi azaleratu da, Poliziak Estatuaren organo eta instantzia guztien babesa eta kolaborazioa dituela. Hau da, inpunitate osoa duela. Iñigo Cabacas eta milaka kasu gehiago etorri zaizkigu askori burura: errepresioa, biolentzia, ikerketa faltsuak, aurpegi zuriketak, umiliazioa…

Horrek guztiak hamaika eztabaida sortu ditu eta orohar, ezker instituzionalaren partetik polizia ereduan eta protokolo batzuen gestio konkretuan jarri da fokua. Ikuspegi horrek, ordea, ez du arazoaren erroa ikusten uzten eta, beraz, ez da soluzioaren parte. Izan ere, polizia ezin da demokratizatu. Poliziak funtzio bat betetzen badu, hori enpresarien eta agintarien ordena mantentzea da, pobretutako eta zanpatutako langile eta herritarrak zelatatuz eta erasotuz. Are gehiago krisi garaiotan, gero eta pobreagoa den langile masa guztia kontrolpean mantentzeko funtzioa inoiz baino ezinbestekoagoa baita. Inauterietan azaleratu dena joera estruktural bat izan da hortaz, gazte langileon aurkako jazarpenaren intentsitatea estutzen ari baitira gradualki, baita festa giroan ere.

Polizia, oinarriz, ezin da izan demokratikoa, dominazioan oinarritutako gizarte antidemokratiko baten zaindari delako, biolentziaren monopolioak blindatua. Arazoari aurre egiteko bide bakarra, beraz, funtzio horiek ulertu eta gero eta jende gehiago horren jakitun bihurtzea da, gezurrik esan gabe. Eta horrekin, noski, dominazioa bermatzen duten instituzioei eta gizarte burgesari osotasunean aurre egingo dion langileon indar politiko independentea antolatzea.

Inork pentsatzen al du “gertuko polizia ereduak” ez duela kargatuko etxegabetze bat beren gorputzekin defendatzen dutenen aurka? Eta behin egiten hasita, ez dituela erabiliko beharrezkoak diren baliabide guztiak etxejabearen defentsan?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!