Tolosako Udalak hainbat lagun legez kontra etxegabetu ostean, alternatibarik eskaini gabe jarraitzen du

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista Tolosaldea 2024ko otsailaren 3a

Etxegabetzeak debekatu dituztela esaten duen bitartean, EH Bilduk alternatibarik gabeko kaleratzeak burutzen ditu.

Ostegunean, hilak 1, Ertzaintzak, Udaltzaingoak zein brigadako langileek elkarlanean udalaren jabetzakoa den eraikin bat desalojatu zuten Tolosan, udalak berak antolatu zuen dispositibo baten bitartez. Aipatzekoa da etxegabetzea legez kontrakoa izan zela, ez baitzieten inongo agindu ofizialik bidali etxeko kideei.

Etxeko kideak indarrez aterarazi ostean, ez zieten ezta beraien gauzak hartzen ere utzi. Negu betean kalean utzi dituzte, eta gainera, ez diete inolako irtenbiderik proposatu. Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatutik Gizarte Zerbitzuetan irtenbide bat exijitu bada ere, alternatibarik ez dutela diote.

Nahiz eta urte bete baino gehiago zeramatzaten bertan bizitzen, udalak etxegabetzea justifikatzeko «bertan inor bizi ez zela», eta, beraz, ez zela kaleratze bat izan argudiatu du. Etxegabetuek, ordea, hamarnaka froga dituzte hor bizi zirela baieztatzen dutenak. Horrez gain, udaltzainek mezu arrazistak ere erabili zituzten etxearen hustea justifikatzeko. Inolako frogarik gabe «herrian lapurretak egon direla» eta abar leporatuz. Mezu arrazista eta kriminalizatzaile horiek udalaren beraren ekintza ilegala ezkutatzeko erabili zituzten.

Azken gauetan kalean lo egin ez badute, sindikatuaren ekarpenari esker izan da. Baina garbi dago pertsona hauek alternatiba erreal bat behar dutela. Horregatik, Tolosaldeko Kontseilu Sozialistatik etxegabetze guztien berehalako eta baldintzarik gabeko etetea aldarrikatzen dugu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!