Kiroldegiko langileak greba mugagabean aurkitzen dira hilaren 8tik. Udalak azpikontratatuta duen BPXport enpresan, 2020tik KPI-a eguneratu gabe edukitzea eta lan baldintza txarrak salatzen dituzte, hitzarmen hobe baten aldeko borrokan. Asuncioneko langileak ere lanuzteak eta greba egunak egiten ari dira maiatza osoan zehar, hauek ere soldaten igoera eta lan baldintza hobeak eskatuz. Zerbitzuen sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak geroz eta okerragoak diren honetan, gure babes osoa adierazten diegu borrokan ari direnei. Bide batez, salatu egin nahiko genituzke kiroldegiko hainbat erabiltzaileren partetik bertako langileen greba oztopatu eta deslegitimatzeko egon diren saiakerak.
Bi kasu hauek eta lan esparruko gainontzeko sektoreetan areagotzen ari diren gehiegikeria egoerak krisialdi kapitalista testuinguruan ulertu behar ditugu: langileriaren aurkako eraso orokorrago batekin lotuta, alegia. Batetik, zuzeneko soldatak geroz eta erosahalmen txikiagoa bermatzen digu eta bestetik, zerbitzu publikoetan inbertsioak geroz eta txikiagoak dira. Azken honen ondorioz, langile kapa xumeenei kalitatezko zerbitzuetarako sarbidea ukatzen zaigu eta zerbitzuen sektoreko lan eta bizi baldintzak debaluatzen dira.
Pobretze orokortu bat bizitzen ari gara eta horri aurre egiteko langile antolakuntza eta borrokarako hautua egitea ezinbestekoa da. Horrez gain, beharrezko ikusten dugu osasun publikoa indartzeko aterabidearen mugak seinalatzea ere. Izan ere, gaitz guztiei behin betik konponbide bezala saltzen diguten arren, estatuaren kontrolpeko osasungintzak enpresari eta oligarken interesei erantzuten die eta esplotazio kapitalista errentagarri bat du aurrebaldintza. Menpekotasun horren ondorioz, krisi garaian gainbehera nabarmena bizitzen du eta ongizate gizartearen promesa zapuztu egiten da.
Langileriaren antolakuntza independentea oinarri duten borrokak ezinbestekoak dira osasungintza eta zerbitzu unibertsal eta baldintza-gabekoak lortzeko. Baita langileriaren esplotazioak sortzen duen dominazio eta babesgabetasun egoera gainditu ahal izateko ere. Izan ere, klaserik gabeko Estatu Sozialistaren eraikuntza da horretarako oinarriak jartzeko aukera bakarra.