Euskararen leihoa

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe

Euskararen leihoa. N.R.A.

Euskararen inguruko eztabaida ez da soilik hizkuntza-politikarena: gizarte batek zer jotzen duen normaltzat erabakitzeko borroka ere bada. Azken urteotan, administrazio publikoan eta hezkuntzan lortutako espazioak zalantzan jartzen ari dira. Overtonen leihoaren logikatik begiratuta, eskubide normaltzat hartzen zena berriro polemika bihurtzea da helburua.

Urteetan euskarak aurrerapausoak egin ditu hezkuntzan, administrazioan eta komunikabideetan. Xedea ez zen euskara ikastea bakarrik, baita euskaraz bizi, lan egin eta zerbitzu publikoak jaso ahal izatea ere. Orain, ordea, hainbat korrontek atzera egiteko bultzatzen dute: euskara-eskakizunak, euskarazko zerbitzuak edo murgiltze eredua «gehiegizko», «ideologiko» edo «diskriminatzaile» gisa aurkezten dituzte. Horrela, eskubide gisa finkatutakoa salbuespen gisa tratatzera itzuli nahi da. Ez da euskara deuseztatu behar; nahikoa da haren erabilera etengabe zalantzan jartzea, justifikatu beharra izatea eta beste aukera batekin konparatzea.

Administrazioan, gatazka nabarmena da hizkuntza-eskakizunak lanpostuetan nola ezarri. Epaitegien oldarraldiari erantzunez onartutako Enplegu Publikoaren Legearen erreformak euskararen posizioa ahuldu du: gaztelania eskakizun orokor eta euskara salbuespen gisa finkatuz.

Hezkuntzan, selektibitateko zeroak eta PISAko emaitza kaskarrak aitzakia hartuta, euskarazko murgiltze eredua jarri dute jomugan. Adostasun argia zegoen: euskara ikaskuntza-hizkuntza eta bizitzeko tresna da. Orain, ordea, seme-alaben ikaskuntza oztopatzen duen galga gisa aurkezten dute. Hezkuntza Sailaren eta Jaurlaritzaren zenbait adierazpenek ez dute leiho hori ixteko lagundu. Hau ez da pedagogia-eztabaida soila. Zalantzan dagoena hauxe da: zer den normala eskolan, euskara ikaskuntza-hizkuntza nagusia izatea edo beste hizkuntzekin lehiatu behar duen aukera izatea.

Eta oldarraldia ez dator eskuin muturretik edo judizialetik soilik: Voxekin batera, PP eta PSE-EE ditugu hor, baita ezker progresista espainiarra eta sindikatu espainiarrak ere, hedabide handien laguntzarekin eta sare sozialen bidez.

«Arrisku nagusia, Overtonen leihoari jarraituz, euskara berriro 'aukera' bihurtzea da»

Arrisku nagusia, Overtonen leihoari jarraituz, euskara berriro «aukera» bihurtzea da: erabiltzea, eskatzea edo irakastea beti justifikatu beharreko zerbait izatea. Horrek hizkuntza-politikak ahultzeaz gain, herritarren segurtasuna ere ahultzen du, euskaraz bizitzeko eskubidea zalantzan jartzen duelako.

Ez da nahikoa erreakzionatzea. Leihoa zabaltzeko hiru lerro behar dira: komunikazio argia —euskara eskubide gisa aurkeztu, ez ideia gisa—, aliantza zabala —hezkuntza, sindikatuak, erakundeak eta euskalgintza elkartuz— eta sare sozialetan presentzia aktiboa —salaketa hutsetik harago, euskarazko bizitzaren adibide positiboak erakutsiz—.

Overtonen leihoa ez da inoiz estatikoa. Gaur normala dena atzo pentsaezina izan zen, eta gaur normala dena bihar zalantzan jar daiteke. Euskararen kasuan, erronka ez da espazioak mantentzea soilik: euskara eskubide normal gisa finkatzea da, ez salbuespen gisa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!