Ajearen osteko gozoa

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe

Bukatu da. Presarik ezak eta patxadak poliki-poliki bidea utzi diote berriro ere erlojuzko errutinari, alarmen hotsari eta agenda berri baten orri zuriei. Oporrek utzi diguten zaporea, ordea, ez da samurra bakarrik, gozo-gozoa ere bada; udako eguzki-eklipsea bezalako une iltzatuak uzten dituen horietakoa. Momentu baten mugagabetasuna, denbora gelditu egin zenaren sentipena.

Tarte honetan, aitortu behar dut ez diodala behar beste kasu egin munduari. Ezta Euskal Herrian gertatu denari ere. Telebistako albistegiak atzeko zarata besterik ez dira izan, eta egunkariei gainetik begiratu diet soilik, lerro-buruekin geratu gabe, munduko krisiek eta politiken zaratek gure bake-oasia apurtu ez zezaten. Tarteka, beharrezkoa da deskonektatzea; inguruan gertatzen denaz jabetu bai, baina burua bertan ez sartzea, osasun mental hutsez.

Astelehenean, ordea, errealitatea ate-joka etorri zen berriro, eta ezin albo batera utzi. Astelehenak aje galanta utzi zidan, beste askori bezala: gorputza bulegoan, baina burua oraindik itsasertzean edo mendiaren puntan. Malenkoniaz eta nekez betetako hasiera. Hala ere, gaur ostirala da, eta zutabe honen argitaratzearekin batera, esan dezaket asteko aje horri buelta ematea lortu dudala.

«Lana hor egongo da, baina bizitza, beti bezala, tarteetan gertatzen da»

Ikasturte berria ez da zama bakarrik, aukera bat ere bada. Datorren udazken honek ere utziko dizkigu oroitzapen onak, lanaren betebeharren gainetik. Badatoz arratsalde epelak, kafe beroak eta proiektu berrien ilusioa. Lana hor egongo da, baina bizitza, beti bezala, tarteetan gertatzen da. Gorde dezadan udako gozotasun hori poltsikoan, udazkenari barrez erantzuteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!