Kaleen oihartzuna

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2026ko maiatzaren 22a

Herri batean jazotako gertakari txiki eta handiekin, antzinako ohiturekin eta ohitura berriekin, aspalditik gorde eta zaindutako adierazpen desberdinekin eta ateak ireki berri dizkiegun horiekin ehundu ohi ditugu egungo herri horren sare eta oihalak. Horrela eraikitzen dugu gure memoria kolektiboa, eta horrela elikatzen dugu gure nortasuna. Bagara nor.

Anoetan azken ehun urteetan izan diren gertakari txiki eta handi horiekin josi dugu, aurten, Anitz dantza taldearen gaur zortziko ikuskizuna. Kaleen oihartzuna izena jarri diogu emanaldiari, eta ez da ausazko hautua. Interpretatuko ditugun gertakarietako batzuk liburuetan bilduak baitira, ikus-entzunezko euskarrietan ere bai, argazkietan; beste batzuk, berriz, hezur-haragitan bizitako pasadizoak dira, herrian baino ezagutzen ez direnak. Guztiak, ordea, iritsi zaizkigu, letraz edo irudiz ez bada, ahoz aho, eta oraindik ere gogoratzen ditugu batzuk, gertatu izan zirenean bertan izan ginelako, edo norbaitek kontatzen jarraitzen duelako; gertakari eta pasadizo horien oihartzuna entzun daitekeelako oraindik Anoetako kaleetan.

«Anoetan azken ehun urteetan izan diren gertakari txiki eta handi horiekin josi dugu, aurten, Anitz dantza taldearen gaur zortziko ikuskizuna»

Oihartzun horrek jarrai dezan, gorputzarekin kontatuko ditugu guztiak, gorputz hizkuntzaren bitartez, gorputz euskararen bitartez. Berrogeita hamar dantzari baino gehiago igoko gara oholtzara, Anitz dantza taldeko kideok, eta gurekin izango dira Loatzo musika eskolako musikariak, abeslariak, Kukuak Kantuz abesbatza eta aurkezleak.

Ikusleak ere parte-hartzaile bilakatu nahi ditugu aurtengo emanaldian. Jolas bat proposatuko diegu, dantzaren eta musikaren bitartez idatziko dugun Historia liburu honetan bete ditzaten hutsik utzi ditugun lerroak.

Ostiral gauez izango da, maiatzaren 29an, 22:30ean, kiroldegian. Esan gabe doa, guztiak gonbidatuta zaudete ikuskizunera.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!