Asteburuko frankotiratzaile

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2025eko azaroaren 22a

Sarajevo Safari. M.Z.

Nazismoaren garaiko pertsonaiarik beldurgarrienetakoa izan zen Amon Göth. Juduen hilketa eta masakre handietan hartu zuen parte SSetako ofizial eta Plaszow kontzentrazio esparruko buru zela; Krakoviako Harakina ezinezez ezaguna egin zen. Göthek egunero hiltzen eta torturatzen zituen Plaszoweko gatibuak modu arbitrarioan. Bere bi zakurrak, Rolf eta Ralf, trebatuta zeuden presoak hil arte sarraskitzeko. Schindler’s List filmean gordin erretratatu zuen Steven Spielbergek.

Göthen afizio nagusietakoa zen bere bulegoko leihotik gatibuei tiro egitea, frankotiratzaileen gisan. Eta horixe etorri zait gogora, Sarajevoko «giza safarien» inguruko berriak irakurri ditudanean.

«Göthen afizio nagusietakoa zen bere bulegoko leihotik gatibuei tiro egitea, frankotiratzaileen gisan. Eta horixe etorri zait gogora, Sarajevoko 'giza safarien' inguruko berriak irakurri ditudanean»

Göth bezain ankerra zen Ratko Mladic. Bosniako Harakina ezizena jarri zioten, 1990eko hamarraldian han gertatu ziren genozidioaren eta humanitatearen aurkako krimenen erantzule nagusia izaki. Atzerritik Sarajevoko setiora asteburu pasa joandakoei ateak ireki zizkien Mladicek, zibilak tirokatzeko. Asteburuko frankotiratzaileek 80.000 eta 100.000 euro artean ordaintzen zuten hildako zibil bakoitzeko; gehiago haurrak baziren; doan zaharrak baziren.

Orduan ere jakina zen horrelako turistak bazebiltzala Bosnian. Orain, ordutik ikertzeari utzi ez dion kazetari bati eta bi juristari esker, Italian giza ehiza horiek nola antolatu ziren jakin dugu. Salaketa jarri dute, eta erantzuleetako batzuk identifikatzeko itxaropenari eusten diote. Abokatuetako bat Nicola Brigida da, Argentinako eta Txileko desagertu italiarren kasu judizialetan parte hartutakoa. Bere esanetan, istorio honek neurri bateraino harritu du soilik: «Heriotzaren hegaldiez arduratu ondoren, gauza hauek ez naute larregi harritzen».

II. Mundu Gerra amaituta, epaitu eta exekutatu egin zuten Göth. Mladici bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten 2017an. Orain justizia bila dabiltza Italian. Izan ere, Italian biziarteko espetxe zigorrarekin zigortzen den delitu oso larria da kasu hau, eta hori horrela izanda ez da inoiz iraungitzen.

Abokatuari gertatzen zaion bezala, harritu jada ez naute harritzen giza aberearen izaera eta portaera hauek. Asaldatzen jarraitzen naute, ordea. Bada zerbait, bizirik nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!