Kamino bazterrean

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2025eko irailaren 20a

Bide Ertzean taldea 2017. urteko artxiboko irudian. IBAI ARRIETA

Behinola Gipuzkoako hiriburu izandakoan, Mexikoko edari ezagun baten izen bera zuen tabernan. «Beteko ez duzue ba!», zalantzari erantzuna. Hamar urte taula gainean, sei disko kaleratuta, musikari bikainak, dokumental batean grabatuta geratuko zen kontzertu bat… eta, halere, zortziehun eserleku betetzerik izango ote zuten zalantzak. Ahazteko kezka hori, ez zela haien egitekoa, uzteko ardura hori besteongan, eta hitz eman genuen aretoa mukuru egongo zela urtarrilaren 16 hartan.

Askorentzat Euskal Herrian izan den pop musika talde onenetarikoa zen, baina sekula ez zuen lortu jendetza erakartzea euren kontzertuetara. 800 laguneko edukiera handiegia izan zitekeela uste zuten, eta urtarrilaren 16koa proiektu handi bat zen, bai artistikoki, baita ekonomikoki ere. Horregatik, ez dakit konbentzitu ote genituen, kezka alboratu ote zuten, loa galdu ote zuten gauren batean hori zela eta. Baina iritsi zen urtarrilaren 16a. Jendeak erantzun zion hitzorduari. Aretoa lepo zegoela jo zuen bandak. Handia izan zen! Irudi eta soinuetan grabatuta geratu zen ordukoa.

 

«Proiektua loratzen hasi zen taberna berean ospatu genuen kontzertu ondorengoa; hura ere bikaina izan zen!»

 

Proiektua loratzen hasi zen taberna berean ospatu genuen kontzertu ondorengoa; hura ere bikaina izan zen!

Hamazazpi urte igaro dira kasik kontatu dizuedan pasadizo hartatik. Egunotan, berriz, ikusi ahal izan dugu ordu gutxiren bueltan Euskal Herriko musika talde batek ia 80.000 sarrera saldu dituela Bilbon eskainiko dituen bi kontzertutarako. Taldeak lan handia izango du, heldu den urteko ekainera bitartean, bi emanaldiok prestatzeko, baina ez du kezkatu beharrik izango jendeak erantzungo duen.

Zetak taldearenak gogorarazi dit ordukoa, eta berreskuratu dut, kamino bazterrean topatutako harri bitxi bat nola.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!