Dantzan

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2024ko urr. 6a, 07:57

Apirileko Dantzari Txiki eguneko irudia, Anoetan. L.C.

Aurten gertatu zait; eta ziurrenera iaz ere berdintsu izango zen, baina ez nintzen ohartu. Dantza emanaldia genuen, herriko jaien aurreko asteburuan. Aurreko bi asteburuetan, beraz, dantza taldea osatzen dugun adin desberdinetako talde guztiak, txikienak izan ezik, elkartu eta entsegu orokorrak egin genituen. Dozenaka eta dozenaka dantzari geunden, eta horien artean, mutiko, mutil, gizon bakarra; neu.

Ez nintzen bakarrik sentitu. Aitzitik, oso eroso nengoen neskato, neska eta emakume guztiekin. Gozatu egin nuen entsegu orokorretan, bai neu dantzatzen, bai besteen dantzei begira. Dantza emanaldian besteen dantzak ikusteko zailtasun handiak ditugunez, aukera bakanetakoak dira horrelako saioak talde desberdinek urtebetez ikasi dituzten dantzez gozatzeko.

Nire deserosotasuna beste aldearekiko zen, alegia, ‘neu’ bezalakoekiko. Oier Araolazak hitz gutxitan eta bete-betean azaldu izan du. «Dantzan mutil gutxi dagoela esaten didaten bakoitzean asaldatu egiten naiz. Gutxi? Bakarra ere asko da. Dantzan ari den mutil bakoitza milagro bat da. Gizartearen kontra ari da, ez dugu babesten, ez balioesten; kontrara, gutxietsi eta iraindu egiten dira dantzan ari diren mutilak».

Dantza egiten dut atsegin dudalako, gozatzen dudalako, talde jator eta alaia dudalako. Eta, gainera, erabateko ariketa fisikoa delako, gorputz osoari eragiten diona. Eta bai, dantzakideek ongi asko dakiten moduan, dantzari baldarra naiz.

Nire kasua, ordea, ez da, Araolazak hainbatetan salatu duena, alegia, dantza uztera behartu, animatu, bultzatu dituzten ehunka mutiko, mutilena. Haiek, dantzatzea maite eta gozatzen zuten arren, albo batera utzi behar izan dute gazte-gaztetan, seinalatuak izan ez daitezen, askotan etxetik edo gertueneko dituztenetik hasita.

 

«Miraritan ez dut sinesten, baina gizartearen kontra egiteko prest nago»

 

Miraritan ez dut sinesten, baina gizartearen kontra egiteko prest nago. Aste honetan hasi dugu dantza taldearen ikasturte berria. Izango dira, izan ere, txiki-txikien taldetik hurrengora igaro ez den mutikorik; bateren batek jarraituko ahal du! Izango da aurten lehen urratsak egiten hasiko denik. Iraultza hasiko dugu? Urte berri on!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!