Palestinako sarraskia eta hilabeteotan Gazan Israelgo Armadak hil dituen ehundik gora kazetari gogoratu dizkigute aurten. Badira bi urte, hemen, inguruotan, Pablo Gonzalez gogoratzen dugula. Egin, Egin irratia, Egunkaria, Ardi Beltza... hedabideak eta kazetariak oroitu ditugun urteak ere izan dira.
Fake mailegua erabiltzen dugu sarri. Besteek esandako gezurrei bozgorailua jartzen dihardute hedabide askok; gezur horiek desmuntatzen energia xahutzen dute bestetzuek. Gezurrak bere egiten dituzte beste zenbaitek. Informazioa eta bere ifrentzua suntsipen handiko armak dira. Hitzaren frankotiratzaileak nonahi. Galbaherik ez dago; nork bereak bilatu behar ditu.
Internet sareak eta sare sozialek gain-informazioa ekarri dute. Saturazioa. Dena eskuragarri dugu, eta dena ezin da eskuratu. Egia kontatzea bigarren lekuan geratu da, lehena izateak du garrantzia, nor minduko nor suntsituko axolarik gabe. Egiarako, patxadarako, sakonerako tarterik ez dago. Ez dugu astirik hartzen. Minutu eta erditik aurrerako irakurraldiek, entzunaldiek, ikustaldiek ez dute ikus-entzulerik.
Adierazpen- eta informazio-askatasuna: «Pertsona orok du adierazpen-askatasunerako eskubidea. Eskubide horrek iritzi-askatasuna eta informazioak edo ideiak jasotzeko edo jakinarazteko askatasuna biltzen ditu, agintari publikoen esku-sartzerik gabe eta lurralde mugak kontuan hartu gabe», dakar Europako Giza Eskubideen Gutunak.
«Eta, diotena dioten arren, [kazetaritza] munduko ofiziorik ederrena dela esaten jarraituko dut nik»
Bidenabar esanda, Mark Twainen hitzak ekarri zizkidan adiskide nireak kazetaritza ikastera animatu ninduen, eta erabakia hartua nuen arren, eskertu nion bultzada. Eta, diotena dioten arren, munduko ofiziorik ederrena dela esaten jarraituko dut nik.