Burutapenak

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2024ko mar. 3a, 07:57

Duela gutxira arte, etxeak, norberarenak, genituen pribatutasuna gordetzeko eremu bakarrak; etxekoen bizikidetza arauez harago, mugarik gabe jardun genezakeen nahi genuena egiten.

Teknologia berrien garaiotan, etxeak ere eremu pribatu izateari utzi dio, eta gure gailuek, bai, baita etxeko lurreko zikinak xurgatzen dituzten gailu horiek ere, konspiranoiko ez hain paranoikoen arabera, gugandik milaka kilometrora dauden begi zelatarien miran jarri gaituzte.

Norberaren pentsamenduak, gogoeta sakon edo arin, burutazio, burutapen edo harrikadak, beraz, dira, uneotan, gure territorio libre bakar. Pentsa dezakegu nahi duguna, izan delitu, hilketa, lapurreta eta bortxazko nahi beste ekintza ere bai, inon erregistraturik geratzen ez badira, ez dira-eta delitu izango.

Baina, noiz arte?

Adimen artifizialaz milaka orrialde idatzi, milaka konferentzia egin eta milaka eztabaida piztu dira. Milaka aplikazio desberdin ekoitzi dira baita ere, adimen artifizialaren bitartez zer nahi sor dezagun. Kontrolatu beharreko alorra da dagoeneko hamaika ofiziotan. Kontrolatu beharra dagoen alorra dela ohartarazten ari zaizkigu ehunka aditu, mugak jarri behar zaizkiola.

 

«[Adimen artifiziala] kontrolatu beharra dagoen alorra dela ohartarazten ari zaizkigu ehunka aditu, mugak jarri behar zaizkiola»

 

Makinak gizakiaren pentsamendua garatzera heltzear daudela edo dagoeneko heldu direla esan digute nahi nondik. Horren aldean, makinak gizakiaren pentsamendua irakurtzera edo kontrolatzera irits daitezkeela planteatzen ari direnen gogoeta gutxi iritsi zaizkigu. Eta harrigarria da, ezen dagoeneko esperimentazio fasetik erabilerara igaro dira, esaterako, burmuinaren aginduekin mugitzen diren esku mekanikoak, eta zer da, bada hori, makinak gure pentsamenduaren aginduak ulertzeko gai izatea ez bada?

Hortik gure pentsamendu guztiak irakurtzeko gai den makina baterako jauzia teknologiaren garapenaren araberakoa besterik ez da. Eta zer gertatuko da orduan? Alderdi on asko izango lituzkeela ezin ukatu, medizinan bezala beste alor askotan, eta baita partikularretan ere. Nire kasuan, adibidez, zutabe hau egiteko okurritzen zaizkidan harrikada guztiak inon erregistraturik baneuzka, ez nuke denbora askorik beharko lerro hauek idazteko.

Onerako bezala, ordea, txarrerako ere mundu berri bat irekiko litzateke. Esate baterako, eta lehen aipatu dudanez, pentsatuz bakarrik ere, garai batean bekatua nola, delitua, alegia zigortzeko modukoa, egiten ariko ginateke? Era berean, Internet sarean uzten ditugun arrasto guztiak, jaten ditugun galleta guztiak, banan bana biltzen joaten diren datu banku erraldoientzat izugarrizko altxorra litzateke. Zuek ere dagoeneko atera diozue erabilgarritasunik, onerako eta txarrerako, horrelako aukera bati.

Eta hori dena jauzi teknologiko batera daukagu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!