Donostiara hedatu zirenean, euren lehen oldarraldia Espainiako gobernu militarraren eraikinaren aurrean eserialdia egiten ari ginen intsumituen aurka izan zen. Ez nuen borra-kolperik jaso; aurrean nuen argazkilariak eraman zituen bereak eta nireak. Unibertsitateko itxialdi batean, ateak txikitu, kolpatu eta gaseztatu egin gintuzten; unibertsitatera sartu zen lehen polizia indarra izan zen. Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gorpuzkiak bakean ehorzten utzi beharrean, ordukoak ikusi genituenoi sekula ahaztuko ez zaizkigun uneak biziarazi zizkiguten. Jose Atanes eta Jesus Madrigal garraiolariak buruan tirokatuta hil zituzten, Alegian eta Leitzan. Gomazko pilotek zauritu eta hildakoak… kuarteletako hormek hitz egingo balute…
Polizia gehiegikerien historial luzea du Ertzaintzak ere, urteotako gobernuek estali edota justifikatu dutena, bide batez esanda. Orain, ordea, aginteari ere oldartu zaio; jaten ematen dionari kosk egin dio. «Todos a una», «con todo», «al abordaje» eta ez dakit zenbat lelo gehiagorekin, pistolak, borrak eta gomazko pilotak erabili gabe, baina trafikoa eta tranbia geraraziz eta bengalak piztuta beldurra sorrarazi dute, Wagner taldekoak balira bezala. Kazetariak ere mehatxatu dituzte. Oraingoan ez dago pelikuletako polizia zintzo eta gaiztorik. Sindikatu guztiak eta mugimendu ez sindikala bat eginik daude, haien hitzetan euren «eskubideen defentsan»; indarraren arrazoia.
Eta nik diot: eskerrak ertzain izateko oposizio eta prestaketa bereziak egin behar diren, haietarik inor ez den aurretik kriminal, lapur, trafikatzaile edo trapitxero izan, guztiek euskararen ezagutzaren akreditazioa duten, psikologikoki orekatuak diren jakiteko proba gainditu duten, lantzean behin alkohol eta droga testak egin beharko dituzten…, bestenaz dagoeneko estatu kolpea emana zuten.
«Ez dakit zer amaiera izango duen honek, baina nago ez duela onik izango polizia eredu berri bat adosten ez bada»
Ez dakit zer amaiera izango duen honek, baina nago ez duela onik izango polizia eredu berri bat adosten ez bada, bestelako eredu bat, zaintzan jarriko duena arreta eta ez errepresioan. Indarraren monopolioa duenak, izan ere, erabaki dezake erabili edo ez. Erabaki horretan dago gakoa.