Alkate jaunari, miresmenez

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2023ko maiatzaren 11

Pello Estanga, Anoetako alkatea. J. MIRANDA

Berorika egin beharko nioke berorri, baina ez zaidak irteten. Ezagutu hindudanetik toka aritu gaituk, eta ezin bestela egin. Hamabi urte badira alkate jaun haizela, eta gaur abiatuko den kanpainaren ondorengo bozak igarota, akabera emango diok hiru legegintzalditako jardunari. Hauteskunde lehiatik at hagoenez, zilegi bekit gure herriaren alde egin duana aitortzea, eta nire miresmena adieraztea.

Alkate bati, udal-talde bati, eskatu behar zaion gutxienekoa aurrekoak egindakoa hartu eta eraldatzen ahalegintzea dela esango nuke. Eraldatu helburu garbi batekin, egungoa hobetzea. Ahalegindu bakarrik ez, eraldatu ere egin duzuela aitortu behar diat, alkate jauna. Badakit zer esango duan: heuk ez hukeela ezer egiteko ahalik izango, alboan talde prestu eta prestaturik izango ez bahu; talde lana izan dela, auzolana. Baina arraunlari onenek ere ez zuketen estropadarik irabaziko patroi on bat gabe. Eta arraunlari horietako batzuk hauteskunde kanpainan direnez, ez ditiagu orain aipatuko.

Herria bizitoki ona zuan lehen. Ederragoa duk orain. Leku ederra bizi, elkartu eta nahasteko. Baina ez nauk estetikaz ari, herria izaki organikotzat baitut nik; izate bat duk niretzat, eta izate horretan asko irabazi duela aitor diat, alkate jauna. Herriari begira eta herriarentzat jarduteak ifrentzua ere baduela argi zagok, eta heuk ere dastatu duk gazitik. Baina aginte-makila eduki duan arren, herriaren aginduetara aritu haiz, herrigintzan, eta hori balio handikoa duk, baloreek gutxi kotizatzen duten arren gaur egun.

 

«Aginte-makila eduki duan arren, herriaren aginduetara aritu haiz, herrigintzan, eta hori balio handikoa duk, baloreek gutxi kotizatzen duten arren gaur egun»

 

Hartu patxada orain, beharra ere edukiko duk-eta ziurrenera; pasa lekukoa, eta ea datozenek zuena eraldatzerik baduten. Guk elkar ikusiko diagu noiznahi eta nonahi, kalean ez bada mendian edo putzuren batean.

Miresmenez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!