Euskara kapitalista

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2023ko mar. 4a, 07:59

Silogista, Tautologo eta haren alter ego Kontraesan kamaradak hileko parrokia-orria idazteko elkartu zirenean, inoizko bilerarik luzeena egin zuten. Korapilatsua zen gaia: euskara. Horregatik, lehen lau minutuak erabili zituzten testua zein hizkuntzatan idatzi ebazteko.

Azkenean, euskaraz eta gaztelaniaz egitea erabaki zuten, euren militante frantses hiztun elebakar proletarioek ere uler zezaten. Gainerako minutuan, ChatGPTri zer agindu eman deliberatu zuten, txosnan txanda bat egin ahal izateko denbora aurrezte aldera. Elhuyaren Itzultzaile automatikoak egin zuen gainerakoa. Emaitza biribila begitandu zitzaien. Ganbak plantxan ala berakatzarekin? eztabaida sutsua amaitzeko idatzitako editorial gogoangarri hura baino hagitz biribilagoa. Pantaila aurretik begiak kendu ezinik irakurri zituzten esaldi gakoak:

«Euskara pribilegiatuen ghetto bat sortzeko baliatzen da». «Euskarak interes handiagoa du bazterketa soziala bermatzeko eta klase ertainaren pribilegioei eusteko». «Euskarak etorkizuna izango badu, auzi erreal eta garrantzitsuekin lotzeko gaitasuna garatzeagatik izango du». «Hizkuntzarekiko zorroztasunak eta bulegoetan hartzen diren zuzentasunaren eta purutasunaren inguruko erabakiek traba gehiago jartzen dizkiote euskarari, haren erabilera erraztu baino». «Euskarak kapitalaren estatuari esker irauten du kapitalismoan». «Nekez sal zitezkeen zenbait literatur material, euskaraz idatziak izan ez balira». «Euskara askorentzako bizi baliabide bilakatu da; lanerako sarbidea errazten du konpetentzia txikituz». «Euskarak errenta altuetan aurkitzen badu bere erro soziala, era berean, errenta altuak lortzeko baliabidea da». «Urri eta bitxi denak konpetentziaren legeak hausteko gaitasuna du, merkatu zehatz batean baldintza berriak txertatuta. Urri eta bitxi dena urri eta bitxi mantentzeko legeak, diru laguntza espezifikoak…». «Hizkuntza eskakizunek, euskararen erabilera sustatu ordez, bere zokoratzean laguntzen dute».

 

«Euskarak interes handiagoa du bazterketa soziala bermatzeko eta klase ertainaren pribilegioei eusteko»



Testua espazioaren mugetara eramateko karaktere batzuk kentzea geratzen zen. Kontraesan kamaradak, bere ohiko begi zorrotzari esker, egin zituen galbahe lanak eta erabaki zuen zein hitz kendu: inperialismoa, kolonialismoa, diglosia, eta zapalkuntza. «Bai, konpai!», ospatu zuten beste biek. Testua publikatzeko prest utzi, eta sanblasak ospatzera joan ziren hiru tobaritxak, txosnako barraren beste aldera, bezeroarenera, iraultzarako egun bat gutxiago geratzen zela aldarrikatuz, bafleetatik ereserkia ozen entzuten zela: Zutik lurrean kondenatu zaren langile tristea!...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!