Hezkuntza eztabaida

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2022ko abe. 4a, 07:59

Hezkuntza euskalduna. Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ziurtatuko duena; murgiltzea izango duena eredu bakar. Euskal Curriculumean oinarrituko dena. Euskal Herria bere osotasunean landuko duena, eta Euskal Herriko ikastetxeen artean elkar-ezagutza eta lankidetza bultzatuko dituena. Ikaslea ardatz hartuta, hezkuntza berrikuntzan arreta jarriz, pedagogia eredu aurreratua, ebidentzia zientifikoan oinarritua, pertsonaren garapen integralean zentratua... bultzatuko duena. Hezkuntza laikoa, doktrinamendurik gabekoa. Hezkidetzan oinarritua, inklusiboa, eta, noski, unibertsala eta doakoa. Bazterketari eta segregazioari aurre egingo diena.

Horixe eskatzen diot nik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako lantzen ari diren Hezkuntza Lege berriari. Oinarri horiek ezarri eta kunplitzea. Eta uste dut, oker ez banago behintzat, oinarri horietako askorekin, guztiekin ez bada, bat egiten dutela azken urte luze honetan elkarrekin muturtuta dabiltzan eskola publikoaren aldekoek eta ikastola-zaleek. Eztabaida honetatik, gutxi asko, kristau eskolak kanpo geratu dira, haiek izan arren aipatu ditudan oinarri horietako askotik urrunen daudenak.

Publikoa/pribatua dikotomian dago eztabaidaren muina. Publikoa zer den eta nola ulertzen den. Hala, publikoa administrazioaren titularitatea duena dela diotenak daude alde batean, eta ikuspegi komunitariotik, administrazioaren titularitatetik haragoko publikotasuna defendatzen dutenak, bestean. Lehenbiziko ikuspegitik, eskola publikoak soilik lirateke publiko; bigarrengo ikuspegitik, aldiz, ikastolak ere publiko lirateke, herritik (herritarrek) sortu eta herriarentzat (herritarrentzat) diharduten hezkuntza kooperatibak, irabazi asmorik gabekoak, gobernantza demokratikoa dutenak baitira. Publiko izateko ikastolak publifikatu egin beharko liratekeela diote lehenbizikoek; ikastolak ere sartuko liratekeen publikoaren definizio berri bat eskatzen dute bigarrengoek. Badira, noski, eztabaida gehiago: segregazioari buruzkoa, naziotasunari buruzkoa, ikastetxeen autonomia errealari buruzkoa, udalen parte-hartzeari buruzkoa…

«Oinarri horietako askorekin, guztiekin ez bada, bat egiten dute azken urte luze honetan elkarrekin muturtuta dabiltzan eskola publikoaren aldekoek eta ikastola-zaleek»

Eztabaida sutsuak ez dira amaitu. Ordea, azken asteetan bestelakorik ere izan da. Eta gero eta gehiago dira gainera, lubakietatik atera, liskarrak alboratu eta herri gisara pentsatuz elkarrekin ekiteko unea dela aldarrikatzen ari direnak. Nork berea defendatzea zilegi den arren, askoz aberasgarriago eta onuragarriagoa delako elkarrekin guztion onura bilatzea. Ezberdinen artean zerbait berria sortzea, alegia. Hezkuntza sistemak eztabaida zabala bezain sakona behar baitu, baina erabaki sendoak ere bai, hezkuntza baita herri baten —are gehiago gurea bezalako herri baten— ezinbesteko oinarrietako bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!