Egia erdiak eta gezurrak gorabehera, pandemiak, gerrak, eta krisiak (ekonomikoak, demografikoak, ekologikoak…) eskutik datoz, batek dakartza besteak; ergatiboa nork daraman ez du axolarik.
Pandemiaren izugarrikeriek, gerraren izugarrikeriak ekarri ditu, eta energia krisia, eta krisi ekonomikoa, eta ekologikoa… lehendik ere bazeuden, baina biderkatuta datoz. Bizitzaren garestitzea eta soldaten apaltzea. Aire girotua 27 gradutan eta berogailuak 19tan, gutxienez eta gehienez. Gauak ilunago. Uda lehor honek negu gorria dakarkigu. Shock doktrina aplikatzeko une ezin hobea.
«Abiatu gara beste behin, datorrenari aurre egiteko gai izango garen jakin gabe. [...] 'Panem et circenses'. Menua askotarikoa eta zabala dugu»
Iraila etorri zaigu, ikasturte berri bat abiatu dugu. Oporrak ahitu. Abiatu gara beste behin, datorrenari aurre egiteko gai izango garen jakin gabe. Norberak aukera beza zerk ahantzaraziko dion, une batez bederen, berri txarrek (azken asteetako erauntsi bakarrek) eragindako egonezina. Panem et circenses. Menua askotarikoa eta zabala dugu.