Belaunaldi berri baten loraldia da, diost bihotzak. Udaberri berri bat: «Izan gaitezen errealistak, eska dezagun ezinezkoa dena!», bueltatu dit oihartzunak. Maiatzean bi hitzordu jarri dizkigute.
«Errelebo eskean datoz, eta nik bederen gustura emango diet euskararen lekukoa, gu iritsi garen lekutik harago, askoz harago, eraman dezaten»
Hitz jario ederra dute: «Euskarak aurrera egin dezan, egoerari parez pare begiratu behar diogu: instituzioen eta gizarte zibilaren arteko akordio berria behar du. Herri bultzada berri bat behar du. Aurrera egin behar dugu».
Zertarako? Itaundu diet.
-Euskaraz bizi nahia egingarri egiteko. Euskaldun gisa bizi ahal izateko.
-Euskara normalizatzeko.
-Hizkuntzen, hizkuntza-komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari gure ekarpena egiteko.
-Guztion hizkuntza eskubideak errespetatzeko. Justizia eta demokrazia auzia delako hau.
-Euskara herri kohesiorako zuntza izateko.
-Finean, Euskal Herri euskalduna izateko.
Gazteon aldarrietan, nire promesak ikusi ditut. Bete ez ditudanak, bistan da, nire belaunaldikook ez baitugu lortu, borrokatu garen arren, gure seme-alabak euskaraz bizi ahal izateko ehundura egoki josten. Errelebo eskean datoz, eta nik bederen gustura emango diet euskararen lekukoa, gu iritsi garen lekutik harago, askoz harago, eraman dezaten. Bazterretik animatzera dagokit orain, abangoardiari atzetik bultzatzera, haien garaipenak nireak bailiran ospatzera, eta, eskatzen badidate, nire porrotetik atera ditudan lezioak kontatzera.
Haize freskoa dator; eguzki izpiak ageri dira ainubean.