Zero urtea

Erabiltzailearen aurpegia

2020. urteko lehen iritzia duzue honakoa. Zenbaki polita du urte honek; errepikakorra: bi 2 eta bi zero, eta bi 20 ditu bere barnean.

Mende honetako bigarren hamarkadan ei gaude oraindik, baina hogeigarrengo hamarkada ere hasi genuen duela hamar egun. Nahasmena Gregorio XIII.a aita santuak 1582. urtean ezarritako egutegi berriari (berria, orduan, noski) zor diogu, Historiaren hastapena Nazareteko Jesusen jaioturtearekin lotu nahirik, urte hori zero izendatu beharrean, 1 izendatu zuelako. Alegia, gregoriar egutegiak ez zuen aintzat hartu zeroa. Kontu hutsala dirudi, dibertigarria ere bai, lagunekin eta lankideekin edo familiakoekin eztabaida irrigarriak edukitzeko aproposa. Zeroari behar besteko garrantzirik eman ez izanaren ondorio, zeroa oso garrantzitsua izanik ere.

Hasi berri dugun urteko egutegiak egun seinalatu ugari ditu; norberarentzat, gizatalde batentzat, eta guztiontzat garrantzitsu direnak ere bai. Ez dira hutsalak, eta gertu-gertu dugu egun horietako bat. Bihar bertan, arratsaldez. Hitzordua bakarra, eta bi leku, gertuen edo erosoen duguna aukeratzeko: Bilbo edo Baiona, Baiona eta Bilbo. Zeroak garrantzia duelako, kartzelak hustu eta kaleak bete behar direlako, ezin du euskal presorik kartzelan jarraitu. 2020a izan dadin bakearen, adiskidetzearen, elkarbizitzaren zero urtea.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!