Ez nuke bihurtu nahi sare sozialetan egurtzen duten enegarrena, kalean aurkako pankartak irakurri behar dituen beste bat, eta, are okerrago, elkartasun mezuak jasotzen dituen hamaikagarrena.
Nahikoa burrunda sortu da Txioherrian, eta handik kanpo ere, kutsadura akustikoa areagotzen ibiltzeko. Zalantza dut, dena den, zalantza handia, bai horixe, erortzen inork ikusi eta entzun ez duen zuhaitz baten zarata baino handiagoa izango zatekeen nire kasua. Zalantza dut, baita ere, zenbateraino erasango lidakeen; azal gogorrekoa naiz, neure buruarekiko; bigunagokoa lagunekiko edo estimua diedanekiko.
Horregatik kezkatzen nau azken asteotako joerak. Eztabaidari irainek hartu diote lekua, kritika ausart eta deserosoei deskalifikazioek. Feminazi, matxirulo, botereari saldu, komunista zaharkitu, alde hemendik-ak, hoa popatik hartzera-k, gugandik urrun nahi zaituztet-ak, dira 140 karaktereen euskal erresuman gehien errepikatzen ari diren hitzak. Itxikeria dogmatikoak nagusitu dira, ziber-jazarpen pertsonalak areagotu… eta desertzioak, ihesak, isiltzeak iritsi dira.
Eta, okerragoa dena, gero eta zailagoa gertatzen da orain «politikoki zuzena» izatearen eta «zuzenean politikoa» izatearen artean hautatu behar izatea, bustitzea edo ekidistantzian geratzea; pentsatutakoa esatea edo esan beharrekoa pentsatzea.
Zuriaren eta beltzaren artean gris asko daudela esan ohi da. Zuriaren eta beltzaren artean kolore guztiak daudela diot nik, eta guztiak direla beharrezko norberak gustukoena duena are eta politagoa izan dadin gure irudiko.
Tira, guztia erre nahi nuen, eta busti ere ez naiz egin.