999

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2019ko ots. 3a, 21:59

Zenbaki bat, biribila izateko zerbait falta duena, errepikakorra izan arren. ATARIAren gaurko zenbakia duzue, bederatziehun eta laurogeita hemeretzigarrena. Milagarrenaren bezperan egokitu zait, beraz, zutabe hau idaztea, duela hiru urtetik egiten ari naizen bezala, zuekin partekatzeko.

Mila zenbaki, ia, eta soilik proiektu komunikatibo honen zati batena, prentsa idatziarena. ATARIA gehiago baita, hedabide multimedia bat baita, prentsa idatziaz gain, irratia, webgunea eta sare sozialak ere badituena. Nik bereziki paperarekin identifikatzen dudan arren, beste askok irratiaren, webgunearen, Twitterren, Facebookren edota Youtuberen bitatez, edo denen bitartez, edo horietako batzuen bitartez jasoko dute, Tolosaldeko egunerokoaren berri. Egunero zabaltzen baitigu leiho bat mundura, gure eskualdera, euskaratik eta euskaraz.

Aitortza merezi dute proiektuan buru-belarri sarturik dabiltzan kazetari eta langile guztiek, gizabanako eta gizarte gisa, haiei esker bermaturik dugulako, informazio aske eta independenterako dagokigun funtsezko eskubidea. Eta baita adierazpen eskubidea ere, haien bitartez besteengana iristen baita gure ahotsa.

Urrian bost urte bete, eta asteartean milagarren zenbakira iritsiko den proiektu komunikatibo hau haziz joan dadin, egunak, urteak eta zenbakiak betez segi dezan eta, egunetik egunera, Tolosaldeko berrien atari ezinbestekoa izaten jarrai dezan, funtsezkoak dira Tolosaldeko 28 udalen ekarpenak, eskualdeko enpresa,negozio eta dendenak, eta egunero eskualdeko berri bere bitartez jasotzen dugun norbanako, elkarte eta taldeenak.

Nik garbi daukat. Atarikide naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!