Herri ekimena

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2018ko aza. 25a, 20:28

Zer litzateke gure herria, herri ekimenik gabe? Zer, herri honen aldeko apusturik egin izan ez balute ehunka, milaka, herritarrek, euskara, euskal kultura, euskarazko hezkuntza edota ekonomia bultzatzeko?

Gutxi batzuk aipatzearren: hedabideetan Argia eta Egunkaria/Berria; kulturgintzan, Elkar; helduen euskalduntze eta alfabetatzean, AEK; unibertsitatean, UEU; hezkuntzan, ikastolak; enpresa munduan, kooperatibak. Eta herririk herri edo eskualdez eskualde sorturiko kultur eta euskara elkarteak, Kontseilua bera, edo gaztetxeak, edo … Inork irudika lezake Euskal Herririk, gaur egun, horiek guztiak gabe?

Une gozoagoak bizi izan dituen arren, herri ekimenak bizirik dirau; ez soilik aipatutako adibide horiek iraun dutelako, baizik eta gaur egun ere, herritarren ekimenez apustu handiak egiten direlako. Zer dira bada, Gure Esku Dago edota gaur abiatuko den Euskaraldia?

Zer dute komunean guztiek? Herritik eta herriarentzat, herritarrek eta herritarrentzat sortuak direla, eta egungo gizartean dauden gabeziei erantzuten dietela, gizartea eraldatu nahi dutelako, gizarte hobe eta zoriontsuago bat eraikitzeko. Gehienak dirua irabazteko asmorik gabeko ekimenak dira, eta irabaziz gero, proiektuak sendotzeko edo berriak abiatzeko, edo gizarte ekintzarako bideratzen dute (baita langileen baldintzak hobetzeko ere). Autogestioa dute ardatz, eta laguntza publikoa jaso arren ez dira «publikoak», baina bai «herritar» edo «herrikoi». Batzuek (ikastolek esaterako) Herri Onura izendapena daukate.

Horregatik kezkatu naute ikuspegi sinplista eta arriskutsu batetik ikastolen aurka zenbait eremutatik egin diren adierazpenek. Erakunde publiko sasi-autonomoak ditugunez, eginkizun garrantzitsuak horien esku utzi behar direla diotenen ikuspegi hertsien arabera, ikastolen egitekoa amaitu da, sare publikoak hartu du eginkizun hori, eta ikastolek, irautekotan, publifikatu egin behar dute. Ahaztuta erakunde horiek espainiar estatuak sorturikoak direla eta herri hau zatitzen duten erakundeak direla, eta egun esku batzuetan egon arren, bihar, apika, okerragoen esku egon daitezkeela, edota, Katalunian nola, hemen ere gerta daitekeela 155. artikulua aplikatzea. Baina, eta estatu propioa izanda ere, itxi egin beharko al litzaioke atea herri ekimenari?

Mingarriagoa zait tesi hori azken aldian ezker abertzale heterogeneoko sektore batek erabiltzea, inoiz erakunde horietako boterea ukitzera ere iritsi ez direnean. Zeharka hasi ziren, ikastolak «pribatuak» direla eta finantzazioa eten behar zitzaiela; gero, sare publikoak bizi dituen «miserien» erantzule direla; orain, «segregatzaileak» direla. Baina, azkenik, Buesak 1993an erdizka lortu zuena amaieraraino eraman behar dela esan dute.

Dena den, ikastola mugimenduak tinko dirau, eta eutsiko dio oraingo enbatari ere. Eutsiko dio, orain arte bezala, bereak dituen lau ezaugarri nagusietan oinarrituta: herritar, euskaldun, hezkuntza eredu propioa duena eta eraldatzaile izaten jarraituz.

PS: Euskaraldi on, ahobizi eta, bereziki, belarriprest guztioi!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!