Aurtengo ikasturtea ez da hain ohikoa, alabak Anoetako ikastola aldia amaitu eta Tolosako ikastolan hasi baitu. Baina egoera partikularra albo batera utzita, bada Tolosaldean azken hilabete luzeetan ohikoa ez den egoera bat, eta errutinaren itzulerarekin ezohikoago begitantzen zaidana.
Tolosaldeko autobus zerbitzuaren gidarien grebaz ari naiz. Oraindik konpondu gabeko auziaz, luzetik datorrena, baina urte hasieratik gordindu egin dena, eta, geroztik, enkistaturik dagoena. 2014an iraungitako lan ituna berritu eta gaurkotzeko eskatzen ari dira gidariak, baina enpresak entzungor egin die, eta jada bederatzi hilabetera doa lan gatazka, eta auziak, langileei ez ezik, herritarrei ere eragiten die: egunero ikusten ari gara, esaterako, goizeko zortzietarako Tolosako ikastetxeetara ailegatzeko eskualdeko herrietako ikasleak zein baldintzatan doazen mukuru betetako autobusetan (zerbitzuak murriztu egin dituzte), eta, batzuetan, berandu iristeko. Eta adibide bat baino ez da, herritar guztiei, oro har, eta mugikortasun eredu publikoari eragiten baitie.
Garraio publikoaren sektoreaz ari garela, auzi hau ez da enpresa eta langileen arteko gatazka soila. Erakundeek ere esku hartu behar dute, eta orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiak utzikeriaz jokatu du, erantzukizunik hartu gabe, berea ez balitz bezala. Baina berea ere bada, hein handi batean da gainera, zerbitzu publiko bat azpikontratatzen badu, zerbitzuaren bermeen artean langileen lan baldintzena ere derrigorrez finkatu beharko lukeelako.
Udako inpass-earen ostean, beharrik, elkarrizketak, bilerak eta ekimenak badirela zabaldu da egunotan. Bederatzigarren hilabetea betetzear, akordio batez erdituko ahal da lan gatazka!