Giza katea 2018

Mendarora

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2018ko ekainaren 5a

Anoetako jaietako egunok utzi diguten ajetik sendatuta, eskuz esku, zapi zuriak aurrera eta atzera, inoiz egin den dantza-sokarik handienean parte hartuko dugu.

Anoetan ez. Oraingoan Mendaron antolatu da anoetarrontzako jaia. Anoetarrontzako, eta Tolosaldeko herritar guztientzako ere bai. Herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula, eta herritarron garaia dela aldarrikatuko dugu, beste behin. Beste behin, bi edo hirutan ere bai, behar izanez gero.

Gero eta gertuago dago egun hori, eta, irrikan gaude. Baina, era berean, urduritasun puntu bat ere bada gure artean, kezka txiki bat. Iritsiko al gara, gaindituko al dugu geure buruari jarri diogun herritar kopuruaren langa? Ez da izango anoetarrei, eta Tolosaldeko gainontzeko herritarrei, parte har dezagun, giza katea osatzeko izena eman dezagun, aukerarik eman ez zaigulako. Ez da izango herririk herri lanean diharduten boluntario andanak lana fin eta gogotik egin ez duelako. Ez da izango eginbide horretan ilusio, adore eta gogo biziz jardun ez direlako. Ez da izango giza katea egin eta herri bat garela aldarrikatzeko arrazoirik falta ez zaigulako.

Asteburuan kalera irtengo gara, plazara, frontoira, azken txanpa honetan Mendarorako txartelak banatzera. Hamar egun geratzen dira hitzordurako. Denon esku dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!