Jokoz kanpo

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2018ko mar. 25a, 19:06

Eguneroko jardunean biharamuneko berriak idazten denbora luzez aritutakoa naiz, eta horrek, maiz, berriak egun batetik bestera iraungitzen direnaren pertzepzioa sorrarazi izan dit.

Astekari honek patxada handiagoa ematen du, gutxienez astebeteko iraupena dute-eta bertan idatzitakoek. Ni, berriz, hiru hilean behin-edo agertzen naiz plaza honetan, eta zalantza izaten dut jazo berri den gai bat, etorriko den bat, edota gai atenporal bat hautatu.

Bi aste atzera egitea erabaki dut oraingoan, Martxoaren 8ra, «historiko», «mugarri», edo nahi duzuen bezala adjektibatu daitekeen egun horretara, iragana izan arren, oraina ere badelako eta etorkizunetik dena daukalako. Baina gogoeta pertsonaletik heldu nahi diot gaiari.

Zer egin, nola esan, nola jokatu ezin erabakita ibili nintzen aurreko egunetan. Bat egin eta gehiago egiteko irrikaz ibili arren, urratsik ezin egin bainenbilen, nire elkartasun, babes edo aldeko ezein adierazpenek gurasokeriatik, are paternalismotik (patriarkatuaren adiera berean), ere interpreta zitekeelako. Nor naiz, bada, ni, ezer esan/egin behar izateko? Noiztik naiz, bada, ezinbesteko? Zenbateraino naiz gatazka/zapalkuntzaren konponbiderako bide lagun? Ala gatazka/zapalkuntzaren zati naiz?

Eta argi ikusi nuen. Ez zen nire eguna, ez nire greba, ez nire manifa. Ar jaio nintzen, ar naiz, heterosexuala gainera, monarkietan errege-erreginak nola, jaiotzatik pribilegiodun. Eta, aitor dezadan, pribilegio horien erabiltzaile. Errege (edo printze, bederen) errepublikano bat izanik ere.

«Historikoa» maiztuegi dagoen adjektiboa izan daiteke. Baina niretzat, historikoa izan zen. Ispiluaren aurrean jarri ninduen Martxoaren 8ak; jokoz kanpo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!