Eta dagoeneko enegarren aldia da, Eguberri jaien osteko lehenbiziko larunbat gordina, igaro berri diren egunen hondarrek dirautenean, eta merkealdien hastapenean. Autobus andana, jendez mukuru. Presazko ibilian, ibilbideko hasiera eta alboko kaleetara iritsi asmoz. Beroki, esku-larru, txapel eta txano [aterkirik beharko ote dugu, Iker?]. Kafe azkar bat; komunera, ahal bada.
Casilla, Autonomia kalea, Corte Ingles beti argiztatua, BBV dorre gotorra… udaletxe aurreraino. Asteburu batez motxilak etxean utzi dituzten haur, bikote, guraso eta ahaide eta lagunak; gaur ehunka kilometro egitera irtengo ez diren Mirentxin gidariak; gau ilunak pizten dituzten kinkeak, pegatak, boletoak, sosen poltsak… eta alboan, atzean eta aurrean gu, negu hotzean berotasun apur bat eman nahian, gure hatsa ziega guztietara irits dadin ahaleginean, nor ibai zabalago Ibaizabalekin lehian, harriak mugiarazteko deman.
Bereizi egin behar omen ditugu zer den presazkoa, zer garrantzizkoa. Baina badira presazko eta garrantzizko diren gaiak ere. Hauxe nagusietakoa. Bakeaz eta normalizazioaz hitz egiten da; bakea eta normalizazioa nahi ditugu. Korapilo hau askatzeak ez ditu, beharbada, bake eta normalizazioa ekarriko; baina korapilo hau askatu gabe ez da bake eta normalizaziorik izango. Presazkoa eta garrantzizkoa, funtsezkoa da.