Jarrera

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2017ko aza. 12a, 12:11

Euskarak Anoetan duen egoera aztertzeko eta erronka berriak zein diren zehazteko prozesuan parte hartu genuen iragan larunbatean hogeitik gora herritarrek. Bi ordutik gora aritu ginen datuak aztertzen eta gure inpresioak eta bizipenak partekatzen.

Larunbat goiz batean horrelakoetan aritzea baino plan hobeak milaka egongo dira, noski, baina bi ordu horiek arin igaro zitzaizkigula aitortu beharra daukat, baita astebete barru izango dugun bigarren saiorako irrikan nagoela ere.

Gai ugari ukitu genituen bileran, eta denak ezin ditudanez txoko honetara ekarri, bakar bat baino ez dut aipatuko. Gure herriko tabernetako giroa. Azken urte honetan eskuz aldatu dira lau tabernaren kudeaketa (ez daude askoz gehiago herrian). Hiruren ardura etorkinek hartu dute, euskaraz ez dakitenak. Beno, bat jada utzi dute, eta euskalduna da kudeatzaile berria. Beste bietan giroa erdaldundu ote den eztabaida piztu zen gure artean.

Taberna horietako batean, euskaraz eskatu ahal zaio nagusi brasildarrari, hortik aurrerako komunikazioa gaztelaniaz egin behar zaion arren. Baina bezero euskaldunak bertan eroso egoteko egin dituen ahaleginak eredugarriak dira: karta eta arbeleko oharrak euskara hutsez jartzen ditu (eta iskanbila izan du horregatik), bezerooi entzun nahi ditugun abestien zerrendak egiteko eskatu digu, langile euskaldunak kontratatu ditu…

Eta ez dakit udaletxeko pleno aretoko leihoak irekita zeuden, edo ozen mintzatu ginen, baina larunbat arratsaldean bertan kukuak jo zuela esango nuke, beste tabernara sartu, eta trikiti soinuak entzuten baitziren ozen, eta, jaietan nola, bezeroak fandangoak eta arin-arinak dantzatzen baitzebiltzan, izerdi betean. Ez dut zalantzarik bezeroek eskatuta izan zela, baina taberna kudeatzen duen familia latinoamerikarra konplize izan zen leku hori iraileko Zelatun txiki bat bihurtzeko.

Beraz, uste dut, eta hori hurrengo saioan aztertuko dugula pentsatzen dut, gure jarreran dagoela pausorik eragingarriena; alegia, euskaraz bizi nahi dut-etik euskaraz biziko naiz jarrera hartzean, euskaraz bizi naiz-era igaro ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!