‘No tinc por’

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2017ko ira. 8a, 07:58

No tinc por oihukatu zuten kataluniarrek. No tinc por, beldur barik, Bartzelonan eta Cambrillsen abuztuan izaniko atentatuei aurre eginez. Beldur barik, atentatuei aurre egiten, beldur barik, atentatuen atzean dauden oinarriei ere aurre egiten, beldur barik, besteen mina berenganatu eta euren errua besterena egin nahi dutenei aurre egiten.

No tinc por, aspaldi ari direlako beldur barik guztiontzat demokrazia babesten, David Fernandezek esan zigun bezala. Eta ekaitzari aurre egiten ari dira, hura harri, txingor eta zirimolekin etorrita ere, Kataluniako itsasaldean udazkenero ohikoak diren ekaitzaldi gogorretara ohituak.

Urriaren lehenbiziko egunaren, inoiz iritsiko ez dela ematen duenaren zain. Orduan erakutsiko dute kataluniarrek, baietz, badela biderik aurrera egiteko, herri libre izateko, herri badirelako, gu ere bagaren gisan. Eta herri bezala ari dira erakusten, duintasunez, harro, demokrazia defendatzen ari direla, herritarren borondatea jarri dutelako helburu, herritarrek esandakoa bete eta defendatuko dutelako otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra...

Eta guk haiek babestu nahi ditugu, haien etorkizuna geure ere badelako. Aukera dugu babes hori erakusteko, gaur, Tolosako Trianguloan, eta bihar zortzi Bilboko kaleetan. Beldur barik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!