Adiskide bat barrez algaraka hasten da elurra iragartzen dutenek maila «zortziehun mila metrora» jartzen dutenean, elurraren gosez, «edo» edo «eta» ere jaten dutelako. Irribarrea sortzen zaio trafikoaren egoeraren berri ematen dutenei «errepidetik irten den autoak asfaltoan traba egiten» duela entzun orduko. Indartsua izango da gero, pentsatzen du, labadora zabaltzera doala dioena. Bera baino askoz ere igeltsero abilago eta, batez ere, azkarragoak badirela ohartzen da, hainbati urtean zenbat sagardotegi egin dituzten entzuten dienean. Eta «tongo!» oihukatzen du, pilota partiden emanaldietan esataria «ados, jaun-andreok» dioenean.
Urratsak ematen dituzten gero eta jende gehiago egon arren, inori ez diot entzun urrats horietako bat bera ere hartu duenik.
Merkealdietan «beherapenak!» oihukatu beharrik ez dago herritarron kontsumorako animoak pizteko.
«Uste apal» asko entzuten da, uste harroak dituztenen ahoetatik.
Eta esaldi famatuari buelta emanda, errealitateak berak ematen ditu titularrik onenak: «Dozenaka ertzain joan dira Errekaleor hustera». Maiatzeko egunik euritsuena izan zen. Giro aproposa, amets berrien haziak ernetzeko.