Zirika

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2017ko martxoaren 26a

Ia hogei urte daramatzat Anoetan bizitzen. Bertan lekutu nintzen egunetik beretik ohartu nintzen herri honek duen bizitzaz.

Herri bizia da Anoeta, eta bertakoen ekimenaz gain, badira bi faktore aipagarri bizitasun hori esplikatzeko: ikastola da lehena, gure umeek, hamasei urte bete bitarte, bertan ikasteko aukera baitute; gaztetxea, bigarrena, gazteak herriari atxikitzeko ezinbestekoa.

Bi faktore horiek eragiten dute gazteak herrian geratzea, inplikatzea, herri ekimenetan parte hartzea eta herri ekimenak bultzatzea. Herriari bizia ematea, finean.

Ez naiz luzatuko Anoetako Gaztetxeak jokatzen duen papera azaltzen, baina aitortu behar zaio egungo Anoeta den bezalakoa izateko funtsezkoa dela egiten duen lana umezarotik helduarorako zubigintzan, batetik, eta herrigintza eredu parte-hartzailean, bestetik.

Azken aldian, ordea, Gazte Asanbladakoak Edurkako hormez kanpora bainoago, hormez barrura ari direlakoan nago. Urrundu egin direla, gorde egin direla. Inork kendu baino, eurek utzi dutela plaza. Ustea neurea bakarrik izango balitz, isilik nengoke. Baina kaleko solasean, beste batzuengandik ere jaso dut pertzepzio bera. Gazteen parte hartzea jaitsi egin dela herri ekimenetan, herrigintzan, herri mailako askotariko ekitaldietan… Faltan botatzen ditugu.

Azalpen zehatzik ez daukat. Habia hutsaren sindromearen antzeko bat eragiten digu, ordea. Pentsatu nahi dut behin-behineko kontu bat dela, hibernazio txiki bat, tximeleta bihurtuko dituen krisalida apurtuko dutela laster, eta hegaldatuko direla berriro.

Zain nagoen bitartean, erantzun iezadazue, gazteok, zertan ari zarete?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!