Kiva ikastolak

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2017ko urtarrilaren 15a

Azkenean, ez gara gure etsaien hitzez oroituko, gure adiskideen isiltasunaz baizik. Martin Luther Kingen esaldia zen aurreko hori. Ezin hobeto laburbiltzen du bidegabekeria baten aurrean biktima izan denak senti dezakeena, bidegabekeria hori jendaurrean ematen denean.

Horrelakoak dira eskola jazarpen kasuak ere. Bullying kasu batean protagonistak ez baitira soilik jazartzen du(t)ena eta jazarria dena. Ingurukoek ere paper garrantzitsua jokatzen dute, izan erasotzailearekin bat egin dutelako, izan erasoa jasan duenarekin bat egin dutelako edo izan indiferente geratu direlako. Hiru kasu horiek ematen dira eskola jazarpen bakoitzean, hirurak batera, eta gehiago dira erasotzailearen alde jartzen direnak, erasoa jasan duenaren alde jartzen direnak baino.

Tolosaldeko bost ikastolek, Euskal Herriko beste 47rekin batera, eskola jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko Kiva programa jarri dute abian euren ikastetxeetan. Eskola jazarpenaren prebentzioa modu integralean jorratzen duen programa da; Finlandiako Unibertsitateak jorratu du, eta azken zazpi urteotan mundu mailan bullying-aren aurka egiteko tresnarik eraginkorrena dela frogatu du. Ikastola komunitate osoa inplikatzen du programak, ikasle, irakasle, langile eta gurasoak, eta komunitate osoari ematen dizkio bitartekoak eskola jazarpenari aurre egiteko. Helburua ez da jazarpen kasuak murriztea, bat gehiago gerta dadin eragoztea baizik. Inor gehiago oroitu ez dadin adiskideen isiltasunaz.

Zorionak, beraz, Anoeta, Irura, Laskorain, Uzturpe eta Zubimusu ikastolak. Adorea eta zorte on!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!