Gure Esku Dago ekimenak orain arte egin duen lan handi eta funtsezkoari beharrezkoa den garapena eman, eta martxoaren 19an, herririk herri, herritar orok zer izan nahi dugun adierazteko aukera mahai gainean jarri behar dugu.
Hogeita zortzi zoro zoragarri, herri bakoitzetik bana, helburu zehatz batekin. Halaxe osatu dugu Tolosaldeko Giltzarriaren talde sustatzailea.
Ohore handiz, baina umiltasun handiagoarekin. Gu ez baikara nor herri bakoitzaren ordezkari izateko. Ez baikaitu inork hautatu. Dei bati erantzun diogu soilik. Herriak, herritarrak aktibatzeko koordinazio lanetan aritzeko deiari. Herritar soil gara; elkarrekiko oso desberdinak; askotarikoak. Batzuen zalantzak, besteen ziurtasunak, batzuen galderak, besteen erantzunak, batzuen ideiak, besteen ekimenak, batzuen ametsak, besteen praktikotasunak… denak agerian, denak gordinean, biluzten ditugu.
Ez gaude bakarrik. Talde motor bat ere badaukagu, eta Gure Esku Dago ekimeneko kideen laguntza ezinbestekoa ere bai. Lagunak, konplizeak, boluntarioak... bilatzen eta biltzen hasi gara herri guztietan. Hau dena guztion artean egin behar baitugu.
Hiru mugarri ditugu. Lehena, galdeketa egiteko herri bakoitzak behar dituen sinadurak biltzea. Bigarrena, martxoaren 19ko galdeketarako galdera adostea. Hirugarrena, galdeketa bera egitea.
Galtzak bete lan dugu hurrengo lau hilabeteotan. Baina ez diogu beldurrik lanari. Martxoaren 19an ahalik eta parte hartze handiena izatea dugu helburu nagusia. Herritar guztiak konbentzitu behar ditugu, banan bana, ahoz aho, parte har dezaten, zer izan nahi duten adieraz dezaten.
Izan nahi duguna erabakitzea denon esku dago.