Muxarrarena

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Aldabe 2016ko ira. 18a, 20:00

Uda joan da ia, eta muxarra ari da harizti eta pagadietan ezkurra pilatu eta jan. Lotaratuko da gero, negu osoan begirik ez irekitzeko. Itzartzen denean, ordurako 2017a izango da, ikusiko du ezer ez dela aldatu, eta, aitzitik, gertaera guztiak errepikatzen ari direla.

Udako parentesiak ere ez digu balio izan guri 'tabula rasa' egiteko. Eta udan bezala udazkenean, berdinean gaudela, eta gertaerak errepikatzen ari zaizkigula ikusten dugu.

Transzendentzia handirik gabeko kontuetan ere gertatzen da. Adibidez, San Juanek eta Urdaibaik irabazi dute Kontxan, hirugarren aldiz jarraian, eta segundoak segundo, nobedade bakarra izan da zenbaketa ofizialak bandera bat gutxiago hartu duela kontuan.

Gai larrietan ere berdintsu gabiltza. Festarik festa, bortxaketa, sexu indarkeria, eraso sexista eta herritarren erdiek herritarren erdien aurka egin ohi ditugun gehiegikeriak, eskubide urraketak eta debekuak (tradizioak gorde behar!) errepikatu dira uda honetan.

Atzo bezala, gaur, hauteskunde kanpaina batean murgilduta gaude, eta hauek diferenteak direla jakin arren, udan izandakoak Eguberri inguruan hirugarrenenez errepikatuko direla esan digute. Baina udazkenarekin batera ditugun hauek ere badute lizun arrastorik, ez dira guztiz berriak, alderdi bat ez, baina hautagai bat debekatu dutelako.

Eta baietz diozu, egia dela, baina badagoela egoera iraultzerik. Nahikoa dela itzartzea, nahikoa urrats batzuk egitea… baina harizti eta pagadietako ezkurrak hain dira goxo… eta ezkur urte elur urte… Ondo lo egin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!