Guztiz kontrara, auzolanean ekintzaren bat antolatu eta herritarrei (baita eskualdeko eta atzerriko herritarrei ere) eskaintzeak duen balioaren adibide gisa jarri nahi dut Anoetako Anitz dantza taldeak urtero, jaien aurreko ostiralean, eskaintzen duen emanaldia.
Alurr, Oinkari, Udaberri … izena eta izana duten dantza taldeak ditugu eskualdean. Horien ondoan, Anitzen itzala txikia da. Baina, txiki-txikienetik hasi, eta neu bezala, laugarren hamarkadaren erdia ere gainditua dugunetaraino, dantzari guztiok jartzen ditugun gogo, indar eta ilusioak estaltzen dituzte gure taula gaineko gabeziak.
Ezin ahaztu, gainera, Anoetan Haatik konpainian ari diren bi dantzari ere baditugula, Amaiur eta Ane, eta guretzat ohore handia da bi horiek urteetan gure dantza irakasle izatea. Ohorea den bezala, Amaia, Iñaki, Eneritz … eta konpainiaren aginduetara astintzea aurreak eta atzeak.
Eta aurrean geu gaude, baina atzean daudenak ere ez ditut ahaztu nahi, haiek gabe oso gutxi egin dezakegu eta: Itziar, Nekane, Kontxi, Alazne, Bakarne, Josune…
Haria du izena aurtengo ikuskizunak. Eta harian ibiliko gara. Ez dakigu oraindik txotxongilo moduan edo orekarien pare ariko garen; neu txotxongilo-orekari gisa, ziur aski. Astebete barru izango da, maiatzaren 20an, Anoetako kiroldegian, 22:30etik aurrera, musu baten truke.
Gustu baduzue, bertan ikusiko dugu elkar.