OLERKIA

Eta eguna buka dadin baino lehen

Erabiltzailearen aurpegia Karlos Linazasoro 2025eko ekainaren 14a

Eta eguna buka dadin baino lehen

itxaron egiten dut,

ate-leihoak irekitzen ditut,

bihotza pausatzen dut mahai gainean,

nire izena ahanzten dut edo zeruarena,

eta xoxoen isiltasuna entzunez

esertzen naiz.

Nori eta noizdanik,

zeri eta zergatik?

Noren zain nago gauero

begietan iazinto bat loratu zitzaidanetik?

Den-dena ikusi ondoren,

milaka hitz eta kolore erabili eta gero,

milaka ehundura, liturgia, pentsamendu,

zer ditxarot badenaz,

zer desio dut ez denaz?

Gaua badator eta ez dago erantzunik.

Beti iristen da gaua bere iltze gorira

eta irribarrez,

eta bere mantuak itxaronaldia

ez-itxarote bihurtzen du,

bizitzea baizik,

itxaronez bizitzea,

bizitzeko itxarotea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!