OLERKIA

Urriko azken eguzkiak

Erabiltzailearen aurpegia

Urriko azken eguzkiak

izaki guztiak etxekotzen ditin,

dena biltzen din bere urrezko orgara.

Gaur dun gaurik ilunena,

gaur din odolak biziberritzeko lehia.

Izpi bat gelditzen dun ortzia birrintzeko,

eta ez gaitin oraindik itsutu

orbel-haizearen pozoi gorrikarak.

Bizitzeko zatorren negua hilzorian,

itsu eta ero, liburuz betea,

eta zahardade amultsu bat zakarren hatzetan,

arrats mamuak josteko,

urritzetatik bertatik hasita putzuetaraino,

dena eskainiz, eta elurraren isiltasuna.

Urriak ez din negua maite.

Itzuri egiten zion zainetatik,

lurra jotzen din oraindik ezkurrez,

ez din izan nahi gizaki guztien hileta.

Gure etxea gurutzean zagon,

harri zuri amilduen erostan,

eta nora begiratzen dugun,

non ipintzen dugun esnea hozten,

urria dun edo negu,

denboraren barneko denbora,

txori erraldoi zatiezin baten habia;

norantz jasotzen ditugun sorbaldak

euriaren ahanztura edo

teilatura aberriratu zitzaigunan basakatua.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!