Arropa zaharrekin kabitu nahi niken

Erabiltzailearen aurpegia Karlos Linazasoro 2020ko maiatzaren 4a

Arropa zaharretan kabitu nahi niken,

neure arropa zaharretan gelditu,

arbola lo gelditzen den bezala,

gora begira baina betiko lurrean,

xahututako galtzetan,

betiko besterik behar ez dudala,

ez erloju, ez hitzordu ez ezer;

arropa zaharren usain garbian,

jaio gintunanekoan beharbada,

hire alboan altzo eta neke,

amak egindako jertse gris argian,

ez gerorako, ez etorkizunaren jagole,

orainaren miserian eta edertasunean bizitzeko,

dena berria balitz bezala, jaiogabea,

herri hustuen pauso gorrikaretan

eta sakonago ere bai, barrurago,

ibai amniotikoetako ihes liluragarrian,

Eta beti hirekin, sorbaldaz sorbalda,

begiz begi dena birrintzeraino,

ezpainetako mozkorra, osinen gatza,

misterioa, ezkien dardara,

bezatu genitinan urretxorien hegada.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!