Euskaraldia eta euskararen aurkako erasoak Tolosaldean XIX. mendean

Erabiltzailearen aurpegia Karlos Almorza Arrieta

'Tolosako setioa eta Belabietako bataila' ikerketa historikoaren barruan, euskararen inguruan aurkitutako hainbat dokumenturen berri eman du Karlos Almorzak, ikerketaren zuzendariak.

Bigarren Karlistaldian –Euskal Herriaz kanpora sarritan Hirugarren Karlistaldia deitutakoan– Tolosako setioa eta enfrentamendu nagusia Amasan izan zuen Belabietako bataila eman ziren. 

Bigarren Karlistaldia 1872tik 1876ra Hego Euskal Herrian eta Espainian gertatutako guda izan zen. Alde batetik, Espainiako koroa aldarrikatzen zuen Karlos VII.a izena hartu zuenaren jarraitzaileak zeuden eta, bestetik, Amadeo I.aren Espainiako Lehen Errepublika eta Alfontso XII.aren gobernuak.

1873an karlisten indarrek hartua zuten Gipuzkoaren zatirik handiena. Tolosa, ordea, liberalen eskuetan zegoen eta hiria setiatzea proposatu zion Lizarraga jeneralak orduko erregegai karlista Karlos VII.ari. Urte hartako irailaren 16an inguratu zuten Tolosa. Komunikazio guztiak etenda eta elikagaiak eskuratzeko modurik gabe,  karlistek liberalek amore eman zezaten nahi zuten. Tolosa ongi inguratuta zeukaten karlistek, baina beraien asmoa ez zen hiria txikitzea edo zuzenean erasotzea, liberalak errenditzea baizik, bizigaiak faltan sumatzen zituztenean.

Belabietako bataila 1873ko abenduaren 9an Amasako mendietan gertatu zen ekintza armatua izan zen. Alde batetik, Tolosa setiatuta zeukaten Lizarraga jeneralak zuzendutako indar karlistak borrokatu ziren, eta, bestetik, Moriones jeneralak zuzendutako indar liberalak, blokeoa hausteko asmoz.

Morionesen agindupeko liberalek Andoaindik ekin zioten martxari; Aduna zeharkatu eta karlistek Urkamenditik eraso egin zieten. Liberalek Zizurkilgo postu hori gaindituta Asteasu bereganatu zuten, eta gero Amasarantz abiatu ziren.

Belabietako batailan, Amasa eta inguruetan, 14.000 pertsona aritu ziren borrokan eta, egun bakarrean, 600 baja izan ziren. Morionesen tropa liberalek Tolosako setioa haustea lortu zuten, janaria Tolosan sartu eta, ondoren, alde eginez.

1874ko otsailaren bukaeran, ordea, Tolosan ziren tropa liberalek Donostiara ihes egin ondoren, Tolosa karlisten esku geratu zen liberalen okupazioari bukaera emanaz.

Gertaera historiko hauek ilunpetik atera eta modu zientifikoan aztertzeko asmoa du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Gertaeren errealitatera ahalik eta gehien gerturatzeko eta herritarrei ezagutarazteko, artxiboetako dokumentazioa jasotzen, sailkatzen eta jendarteratzen ari gara. Honengatik guztiagatik Tolosaldeko 28 herrietara zabaldu dugu Tolosako setioaren eta Belabietako batailaren inguruko ikerketa, herri hauetako udal-artxibo eta akta-liburu guztiak ikertzeko asmoz.  

Hona hemen Tolosako setioa eta Belabietako bataila. Tolosaldea 2024 proiektuan ikerketa historikoari lotuta euskarari buruz orain arte aurkitutako dokumentu batzuk.

Euskararen egoera XIX. mendean irakaskuntza eta administrazioan

Historian zehar gure hizkuntzak jasotako erasoak ederki ikertu zituen Joan Mari Torrealdaik bere El libro negro del euskera eta Asedio al euskera. Más allá del libro negro liburuetan. 

Hemen XIX. mendean Torrealdaik jasotako eraso batzuen adibideak:

Guk lege guzti hauek irakurri ondoren (4, Ley Moyano), Tolosaldeko herrietan Torrealdaik aipatzen dituen lege hauekin lotuta dozenaka dokumentu (5 eta 6) aurkitu ditugu.

Hezkuntzari dagokionez, XIX. mendean sortzen ari zen estatu modernoak irakaskuntza unibertsala ezartzeko asmoa izan zuen hasieratik. Irakaskuntza Espainiako Estatuan arautzeko lehen saiakera 1836an egin bazuten ere, 1857ko irailaren 9ko Instrukzio Publikoaren Legea izan zen ildo horretan lehena. Ley Moyano gisa ezagututako legeak honako hau jasotzen zuen: lehen hezkuntza gaztelaniazko gramatikaren printzipioz, ortografia-ariketekin osatuta izan behar du.   

Dena dela, salbuespen gisa, Ley Moyanoko 87. artikuluan legegileak klausula bat sartu zuen, kristau-doktrinaren irakaskuntzan gaztelaniaz besteko hizkuntzen erabilera babesteko: Katixima elizbarruti bakoitzeko Prelatuak erabakitzen duen hizkuntzan irakatsiko zaie haurrei.

Lege honekin hasten da hezkuntza sistema modernoa Espainiako Estatuan. Beste esparru batzuetan, Batzar Nagusiak bezalako egitura politikoetan esaterako, hasia zen hizkuntza-ordezkapena; baina lege honek, ildo horretan, pauso bat aurrerago eman zuen hezkuntza sistemak hizkuntza ofizial bakarrean izan behar zuela ezarriz.  

Honek ondorio zuzenak eta berehalakoak ekarri zituen. Herri guztietan jarri zituzten eskolak, irakasleen soldatak udalen kontura izanik. 

Hezkuntzarekin batera, administrazio publikoa estandarizatzeko intentzio argia eduki zuen erregimen liberalak, ideia jakobinoei jarraiki. Honen adibide 1862ko maiatzaren 28ko Ley del Notariadoko 25. artikulua, besteren artean dokumentu publikoek gaztelaniaz egon behar zutela zihoena. 

Hala ere, zaila izan zen lege hauen aplikazio zuzena eta erabatekoa, lurraldearen zati handi batean populazioa euskaldun elebakarra zelako; Beizaman, esate baterako (7). Hango udal artxiboan badago euskara/gaztelera hiztegi bat, BUA 350-11 erreferentziarekin, garai hartakoa izan behar duena. 711 esaldi eta hitz dauzka (beren itzulpenekin). Bestalde, analfabetismoa oraindik nagusi zen XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, batez ere klase xumeenen artean. Gizonei soldaduskara (eta gerrara) joateko edo hauteskundetarako erroldak egiteko gazteleraz irakurtzen eta idazten ba ote zekiten galdetzen zietenean, ezezkoa erantzuten zieten gizon askok. Emakumeei ez zieten galdetu ere egiten, garaiko gizartearen erakusgarri. 

Euskararen aldeko defentsak

Monarkia absolututik, nazio-subiranotasunaren printzipioari jarraiki, nazioaren eraikitze prozesu sakona eman zen. Eraikitze prozesu horren ezaugarri nagusietakoa hizkuntza komun baten zabaltzea da –normalean, pisu demografiko handiena duena–. Hizkuntza partekatua eta kohesionatua, nazio-identitatearen sinboloaren kategoria izango duena: lurralde bat, nazio bat, hizkuntza bat.

Zentralitate horrek bazterketa linguistikoa dakar, periferian aurkitzen direnentzat. Ziurrenik eraso hauek horrela ulertuak izan ziren garai hartan Gipuzkoako Aldundian agintzen zeuden karlistengandik eta horregatik eskatu zion aldundiak Francisco Ignacio de Lardizavali euskaraz ikasteko Gramatica Vascongada bat (8) –Baliarraingo UA 28-1 (2)–. 

Egileak hitzaurrean adierazten du nork eskatu zion Gramatica Vascongada egitea (9).

Eta Euskarak jasotzen zituen erasoen aurrean, beraien beldurra (10).

Bestalde, irakaskuntzan irakasleek ze baldintza bete behar zuten ezarri zuen Aldundiak  (11) –Baliarraingo UA 11-1 (127)–.

Euskaraz idatzita aurkitutako beste dokumentu batzuk

XIX. mendearen erdialdetik aurrera Espainiako Estatuan eman zen zentralismoak gure hizkuntzaren bazterketa ekarri zuen eta administrazioa erabat gaztelaniatu zuen.

Harrigarria da udaletxeetan garaian euskaraz idatzitako testuak aurkitzea. Hemen, adibide gisa karlisten bandoko hiru idatzi:

  • Karlos VII.a (1848-1909), Espainiakoak , errege-nahi karlista izan zen (12) –Baliarraingo UA 11-1 (48)-,
  • Manuel Santa Kruz ( 1842-1926) apaizak (13) -Hernialdeko UA 100-01  Correspondencia 1875 (24)- eta
  • Domingo Egaña (1815-1876) militar karlistak idatzitakoak (14, 15, 16 eta 16b) -AGG-GAO  JDIT69b,15 (2)  eta Hernialdeko UA 100-01  Correspondencia 1875 (28-29)-.

Idatzi hauen irakurketa historikotik harago, euskaraz idatzita egotea da apartekoa, eta azpimarratzekoa da euskaraz zekiten jendeari zuzenduta zeudela. Ez dugu, oraingoz, bando liberalean borrokan zeudenen artean euskaraz idatzitako idazkirik aurkitu.

Ondorioa

Gerra karlista edo karlistadak Hego Euskal Herrian eta Espainian XIX. mendean gertatutako gerrak izan ziren eta Euskal Herria izan zuten gune nagusi. Azaleko auzia dinastikoa izan arren, Euskal Herrian errege-nahiaren babesa baino, foruen galeraren gaia izan zen tentsioen iturri nagusia eta, hain zuzen, foruak behin betiko galdu ziren azken karlistaldiaren amaieran, 1876an.

Instituzionalki ez ezik, gerra karlistek eragin zuzena izan zuten hizkuntzan.

XIX. mendean gaztelera irakaskuntzan «hizkuntza nazional» gisa zabaltzeko saiakerak herri euskaldunetan euskaraz irakatsi ez eta gazteleraz irakastea ekarri zuen. Udal dokumentu guztiak gazteleraz idatzarazi ziren. Lege hauek ez zituzten bere helburu guztiak bete, baina gerora bazterketa linguistikoa muturreraino eramateko zutabeak jarri zituzten.

Euskarari dagokionez XIX. mendearen erdialdearen eta XX. mendearen arteko ezberdintasun handiena honakoa da: XIX. mendean Euskal Herriko kale eta merkatuetan euskaraz egiten zela eta XX. mendeko frankismoko garai gogorrenetan, aldiz, debekatuta zegoela da.

Frankismo garaian eta Tolosaldetik atera gabe, adibidez, Altzoko Erregistro Zibileko izen euskaldunak ezabatu eta gazteleraz jartzea aipa daiteke, edo Adunako udaletxera aginte militarrak bidalitako idatzia, zeinetan adierazten zen ez zirela onartzen euskaraz kalean idatzitako kartelak edo kanposantuan idatzitako hilarriak. Esan gabe doa irakaskuntzan gaztelera bakarrik erakusten zela.    

Gaur, Hego Euskal Herriko lekuko instituzioen eta euskararen aurkako etengabeko erasoek betiko bidetik jarraitzen dute, baina ez dago, kontrara, lekuko erakundeen aldetik iraganean adinako erantzunik. Hala ere, hizkuntzaren defentsan jarraitzen du herriak.

Gaur egun gure hizkuntzaren aldeko ekimen nagusia Euskaraldia da, euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala. Euskal Herri osoan eragiteko sortua, mugimenduak herritarren hizkuntza praktikak aldatu eta erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez.

Euskarak betiko bidetik jasotzen dituen eraso eta erronka berrien aurrean, inoiz baino beharrezkoagoak ditu Euskaraldia eta ildo bereko ekimenenak.

Karlos Almorza Arrieta
Historian doktorea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!