Sarrera
Kakitzat koordinatzaile antimilitaristak, Israel eta Palestinaren arteko gatazka gogortu zeneko lehen urteurrenean, Palestinako eta Libanoko herrien «sarraskietan» euskal enpresa batzuen eta Lakuako eta Madrilgo gobernuen inplikazioa salatu zuen.
Hori salatzeko, Kakitzat-ek elkarretaratzea egin zuen ITP Aero lantegiaren aurrean, beste euskal enpresa batzuekin batera Israelgo armadarekin egiten duen negozioa salatzeko. Izan ere arma-industria negozioa dela garbi dago, mundu guztian zabaldutakoa gainera:
Arma-industria (armamentu-industria edo defentsa-industria ere bai) armaden negozio globala da, munduko indar armatuak eta armen, teknologiaren eta ekipo militarren fabrikazioa biltzen dituena.
Barne hartzen ditu merkataritza-industria, gerra-industria, eta material, ekipo eta instalazio militarren ikerkuntzan, garapenean, produkzioan eta zerbitzuan diharduena.
Armak ekoizten dituzten enpresek, defentsako edo industria militarreko kontratista gisa ere ezagutzen direnek, batez ere estatuen indar armatuentzat ekoizten dituzte armak. Gobernuko sailek armen industrian, armen erosketan eta salmentan, munizioetan eta bestelako gai militarretan ere jarduten dute. Besteak beste, su-armak, munizioak, misilak, hegazkin militarrak, ibilgailu militarrak, itsasontziak eta sistema elektronikoak ekoizten dituzte. Arma-industriak ikerketa- eta garapen-proiektuak ere egiten ditu.
Euskal Herrian orokorrean armagintza gisa suzko armen artisau-fabrikazioa ezagutzen dugu. Suzko armen fabrikazioa XV. mendean hasi zen, eta hasieratik artilleriarekin harreman zuzena izan zuen. XVI. mendean zehar gremio-erregimena handituz joan zen euskal arma-maisuen artean.
XV. mendetik armagintzak Euskal Herrian izan duen garrantzia bezain nabarmena da beste eskualde eta herrialde batzuetarako proiekzioa. Izan ere, jarduera hau aspalditik mantendu da tinko, eta bertatik eratorritako industria ugari sortu ditu (1).
Armagintza, etekin ekonomikoak lortzeko negozioa
Hona hemen Bigarren Karlistaldian (Euskal Herriaz kanpora sarritan Hirugarren Karlistaldia deitua) idatzitako dokumentu bat:
< Los que suscriben representantes de las Villas de Eibar, Placencia y Elgoibar, V. E. (Vuestra Excelencia) con a consideración debida exponen que sus representadas cuya principal riqueza reside en la industria armera, ven con gran dolor las grandes compras de armamento que se hacen en el extrangero (sic)…>.
<Por todo los que suscriben Suplican a V. E. (Vuestra Excelencia) encargue a la Diputación que gestione con las de las Provincias hermanas para que en vez de ir a comprar armas al extrangero (sic), acudan a las fábricas de las referidas Villas>.
Euskal armagintzak hazkunderik handiena XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran izan zuen, batez ere, arma laburren eta errebolberren esportazioen hazkundeari esker. Industria hori Eibarren inguruan zegoen, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko beste herri batzuekin batera, «Armagunea» deritzona osatzen zuten.
Langileak
Armagintza honek eragin zuzena izango zuen langile munduan. Horrela adierazi zuen Toribio Echevarriak (2):
«La industria tradicional de la armería era un bien común del pueblo, un capital histórico del que se sustentaba principalmente la población...» y «las organizaciones obreras y socialistas de Eibar, siempre tuvieron en todos los asuntos locales en que intervinieron, un punto de vista más amplio que el estrictamente de clase... ».
Adierazpen esanguratsu hautetatik at, hemen Euskal Herriko arma-industrian bere garrantziagatik ezkutatu ezin diren bi adibide aipatu nahi ditugu: Malcorrako bolbora-fabrikako leherketa eta langile-presoak arma-industrian lanean jartzea.
1- Azpeitiako Malcorrako bolbora-fabrikako leherketa
Leherketa Bigarren Karlistaldian, 1874ko urriaren 6an, gertatu zen.
Armada karlistak atzerrian erosten zuen materiala garestiegia eta menpekoegia zen bere beharrizanei eusteko. Kontrolatzen zituzten lurretan hainbat fabrika bere gain hartu eta armak, jaurtigaiak, kartutxoak eta bolbora fabrikatzea lortu zuen.
Hauetako bat zen Malcorrakoa, Gipuzkoan funtzionatu zuen lehenengo bolbora-fabrika, langileei ordaintzen zieten Gipuzkoako Foru Aldundiaren estaldura ekonomikoaren babesean. Urriaren 6an gertatu zen leherketak 13 langile hil eta lau zauritu utzi zituen. Hurrengo dokumentuan hildakoen izenak eta beraien familien egoera hauteman daiteke.
2- Langile-presoak arma-industrian lanean
Historian gerra-presoak bortxazko lanetarako erabiltzea ez zen zerbait berria. Eta 1936-1939ko gerra bukatu ondoren enpresa pribatuek ere aktiboki hartu zuten parte, behar zutenean langile-preso kualifikatuak eskatuz.
Horrela dio beheko dokumentuak:
<…la presencia en la Fábrica “S.A. de Placencia de las Armas” de un contigente de cuarenta obreros penados que de diversas Cárceles de España se hallan en dicha entidad industrial, constituyendo una de las Colonias que la Obra de Redención de Penas por el Trabajo tiene y sobre los cuales establece la Gerencia de la indicada Fábrica, con el personal de la misma la correspondiente vigilancia para su régimen interno y el de trabajo sin armas>.
Langile-presoen lan baldintzak oso kaxkarrak izaten ziren.
Hildakoak
Euskal Herrian Erdi Arotik hona gerra ezagun eta odoltsuenak XIX. mendeko bi Gerra Karlistak eta XX. mendeko 1936-1939ko Gerra Zibila izan dira.
Euskal Herrian XIX. mendeko Gerra Karlistak utzitako hildako kopuruari buruz 200.000 inguru izan zirela onartzen da. 1936-1939ko Gerra Zibilean Hego Euskal Herrian 25.000 kontatu ditugu.
Inoiz ez dugu jakingo hauetako zenbat soldadu eta jende xume izan ziren Euskal Herrian egindako armekin hildakoak.
Jende ezagunen artean, Alejandro I Yugoslaviako erregea izango da ezagunena. Eibarren egindako pistola Mauser (3) bat izan zen berekin bukatu zuena. Horrela adierazi zuen elkarrizketan Juan Beistegik:
«¿Se acuerda cómo les mataron al Rey de Yugoslavia y al Ministro francés Barthou en Marsella? El asesino era un yugoslavo o croata. Resulta de que la pistola que utilizó en el asesinato era de tipo Mauser y fabricado por nosotros. Como tenían el número vineron a averiguar a quien se había vendido la pistola. Nos ofrecieron hacernos famosos si divulgabamos la información. Encontré al destinatario. Era el propio gobierno Yugoslavo que había pedido tres ejemplares de pistolas Mauser para pruebas pensando en armar a la policía yugoslava con este tipo de pistolas. Y el asesino había conseguido la pistola del propio Gobierno de Belgrado, para matar el rey. Claro está nadie habló de nosotros para nada, bastante era que el gobierno yugoslavo hubiera perdido esa pistola y que con ella se mató al rey».
Atentatua oso ezaguna izan zen, Alejandro I erregearen heriotza zine-zintan grabatu ziren lehen hilketetakoa izan baitzen. Hemen atentatuaren bideoa: https://es.wikipedia.org/wiki/Archivo:1934-10-17_King_Alexander_Assassination.ogv
1934ko urriaren 9an, Alexandro I erregea Marseillara joan zen Balkanetako Ententearen eta Frantziako Hirugarren Errepublikaren arteko harremanak estutzeko.
Marseillako kaleetan, Louis Barthou Frantziako Kanpo Harremanetarako ministroarekin batera zihoala, Alejandro I erregea Vlado Chernozemski izeneko mazedonia-bulgariar batek hil zuen.
Argazkian Chernozemski erregearen ibilgailuaren estribura igota dago tiroka ari den unean. Jules Piollet eskoltako burua izan zen lehena, zaldiz, erasoa erantzuten, bere sablearekin ekintzailea zaurituz.
Chernozemskik bi aldiz baino ez zion tiro egin, eta berehala hil zen erregea. Ibilgailu berean zihoan jeneral batek ere tiroak jaso zituen Chernozemski menderatzen saiatzean, eta jendarme bat ere hil zuten urdailean tiro eginda.
Jules Piolletek ezpataz zauritu ondoren, jendetzak Chernozemski lintxatu zuen.
Barthou Frantziako Kanpo Harremanetarako ministroa berriz, ia ordu erdiz ibili zen kaleetan zehar bakarrik, eta azkenean hil egin zen mediku arretaren atzerapenaren ondorioz. Inoiz ez zuten argitu nork edo nola zauritu zuten, baina ez da baztertu behar Chernozemski bera izatea.
Bi emakume ikusle ere hil ziren tiroen ondorioz, baina uste da Frantziako poliziek beraiek zauritu zituztela istripuz.
Ondorioa
Euskal Herrian suzko armen fabrikazioa XV. mendean hasi bazen kalkulaezina da hauek zenbat jenderen heriotza eragin duten. Gai honek doktore tesi batzuk egiteko mamia badu.
Bukatzeko, eta Kakitzat-ek salatzen duenarekin jarraituz: alde batetik, armagintzak sare ekonomikoan duen garrantzia ikertu beharko litzateke; bestetik, lan-munduan duen eragina; eta azkenik, arma hauek zer kalte eragiten dioten gizateriari.
Oin-oharrak
1/ Gehiago jakin nahi bada ikusi: Larrañaga, R.: Síntesis histórica de la Armaría Vasca. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1981.
2/ Echeverria, T.: Viaje por el País de los recuerdos, México, 1968, pp. 43 y 123.
3/ Entrevista a Juan Beistegi (Comandante del Batallon Loyola). Euskadiko Artxibo Historikoa - Archivo Histórico de Euskadi. Internet: Dokuklik - Badator-040-0020 Memoria.pdf. 13 eta 14 or.