Espainiako gerra zibilean, Nafarroako Ezkaba espetxean preso sartutako gudari talde batek grekoa ikastea erabaki zuen. Horretarako Tratado de Gramatica Griega izeneko lana osatu zuten. Gaztelaniaz idatzita dago eskuliburua eta hizki grekoz ageri diren adibideek ondoan gaztelaniazko itzulpena dute. Baina gramatika honek badu berezitasun bat: hizki grekoz idatzita dauden hitz eta esaldi guztiak irakurrita, euskara entzuten da.
Oraindik ere asko dago ikertzeko. Tratado de Gramatica Griega lanak merezi du azterketa ikuspegi historiko edo filologikotik. Baina horrez gain, grekoz idatzitako esaldiak ikertu behar dira, non eta nork, zer eta zertarako idatzi zituen jakiteko.
Argibide batzuk jakin ahal izan dira. Juan Mari Pallin preso plentziarra izan zen Tratado de Gramatica Griega idatzi zuena eta Alejandro Mendizabal mutrikuarra aritu zen irakasle. Beste hiru ikasle ere tartean izan ziren: Feliciano Careaga barakaldarra, Vicente Etxezarraga zeanuriarra eta Josu Landa plentziarra. Gudari talde honek izugarrizko espetxe zigorrak jaso zituen, batzuek baita heriotza zigorra ere; nahiz eta 30 urteko kartzela zigorrean bihurtu zitzaien azkenean kondena. Jasotako zigorrak eta espetxe barruko bizi baldintzak zeintzuk ziren ikusita, gramatika hau idazten hasi ziren, pentsatzen zutelako Ezkabatik ez zirela bizirik aterako. Argigarria da grafia grekoz idatzitako pasarte bat, irakurriz gero honakoa ulertu daiteke euskaraz: «Abertzaletasunak eraginda burutu dugu eskuko idatzi au».
Argazkian Juan Maria Pallin eta Alejandro Mendizabal.
Bizi baldintza latzak
Ezkaba edo San Kristobal gotorlekua Ezkabarte (Nafarroa) udalerriko Ezkaba mendiaren gailurrean dago. 1934 eta 1945 urteen artean espetxe militarra izan zen. 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarraren ondoren, 2.000 preso eduki zituzten bertan. Barruko bizi baldintzak oso latzak ziren eta 1937tik 1945era, 305 preso hil ziren gotorleku-espetxean.
Ezkabako espetxea. Argazkia: José Galle.
Ezaguna da oso, 1938ko maiatzaren 22an 795 presok egindako ihesaldia. Horietatik 585 berriro harrapatu eta 225 fusilatu egin zituzten. Hiru presok bakarrik lortu zuten ihes egitea. Ezin aipatu gabe utzi, espetxetik atera eta fusilatu zituzten presoak, ezta Ezkabako Botilen Hilerria ere.
Ezkabako 'Botilen Hilerria'. Argazkia: Lourdes Herrasti.
1945. urtean itxi zuten gotorleku-espetxea. «Guda amatu arren emen gagoz gu», utzi zuen idatzita Pallin presoak gramatika honetan. Ez dakigu lan honen kopiaren bat egin zuten, eta metodo hau ere beste gauza batzuetarako erabili ote zuten, baina garbi dago esaldi batzuek adierazten dutena: «Nik idatzi egiten dot eta zuk irakurri».
Beraz, Tratado de Gramatica Griega euskara ikasteko idatzita dago, bertan esate baterako, zenbakiak ikasteko taulak agertzen dira. Grafia grekoz idatzita dagoenari, ondoan gaztelaniazko itzulpena jartzen zioten, baina grafia latindarrera, alfabeto grekoa baliatuz idatzitakoaren ordaina eginez gero, euskara da irakurtzen dena. Liburu zifratua idatzi zuten, hortaz, Ezkabako espetxean. Egiptologian ere horrelako zerbait gertatzen da.
Taula: Gorriz, hizki grekoz ageri diren hitzen ordaina, euskaraz, guk gehituak adibideak ondo ulertzeko.
Tresna politikoa
Badira gramatika honetan, greziar letrekin idatzitako esaldi batzuk, ondoan inongo itzulpenik ez dutenak eta oraindik ere deigarriagoak egiten direnak. Esaldi horietako bat da, adibidez, «on egin zeutson gixonak saldu zattu».
Garbi dago esaldi hau ez dagoela idatzita euskara ikasteko, salataria nor den esateko baizik. Pentsatzekoa da, beraz, greziar gramatika adierazteko erabiltzen zituzten adibide askotan, kartzela barruan gertatutako gauzei buruz ari zirela.
«Ikaragarriyak gertatu dira», «zaspi gizon urkatu ebazan orrek», «Kepak bere buru il eban»:
Edota «auzoko gizonak il eban berberak il dau gure laguna» bezalako esaldiak ageri dira Tratado de Gramatica Griega honetan. Esaldi hauetan zehazki zertaz ari diren jakitea gehiago kostako da, baina dena den, garbi dago euskara ikasi eta espetxe barruko gertakizunak idazteko asmatu zutela.
Euskara ikasteko inoiz erabili izan den formula original eta ausartenetarikoa izan zen Ezkabako espetxean erabili zutena, eta horrek argi erakusten du, euskara ikasteko baldintzak ez direla batere errazak izan. Tolosa inguruko herri askotako udaletxeetan gerra zibileko Saseta Defentsa Sistemari buruzko dokumentuak jasotzen ibili ondoren, garai hartako euskararen egoera islatzeko dokumentu esanguratsuak topatu dira: «... no existan otros letreros que los que están redactados en idioma español, tanto en calles, cementerios como demás sitios de esa localidad» (Adunako Udal Artxiboa, 173-8).
Edota beste hau: «... en la que consigne el nombre de ‘Miren’ ya que ello lo prohibe la legislación, pues los nombres deben ser siempre en castellano» (Asteasuko Udal Artxiboa, 442-5).
Egia da, gaur egun, eskola dela (unibertsitatea, ikastola, euskaltegia...) era tradizionalean ikasketak egiteko lekua, baina oraindik maiz entzuten dizkiegu frankismo garaiko ikasleei beren bizipen neketsuak euskara ikasteko garaian. Bi gauzengatik izan zen zaila garai horretan euskara ikastea: gure hizkuntza debekatua zegoelako batetik; eta bestetik, garai hartako gizartean ez zegoelako bitartekorik euskara ikasteko, nahiz eta frankismoaren azken urteetan aukerak areagotu. Gizarte osoari egokitu zitzaion egoera itogarri hori bizitzea.
Aurten, Korrikaren 21. edizioan, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omendu nahi izan du AEK-k. Hizkuntzalari eta idazlearen ibilbidea jasoz Kote Camachok zuzendu duen Txillardegiren Klika dokumentalean idazleak berak gogora ekartzen ditu Bilbon ingeniaritzako ikasle garaian ikasten zuela euskara, egunero, gauerditik goizaldeko hiruak arte. Edo nola praktikatzen zuen euskara Martuteneko espetxean preso egon zen garaian. Urte batzuk lehenago, Ezkabako espetxean gramatika grekoa idatzi zuten haiek bezala, zailtasun guztiei aurre eginez ikasi zuen euskara.
Egun hauetan Euskal Herria zeharkatzen ari den 21. Korrikak gogoan izango ditu guztiak. Txillardegi, Tratado de Gramatica Griega idatzi zutenak, euskara ikasi dutenak eta ikasten ari diren guztiak. Denei eskainia.