Aurtengo denboraldiak, 20 urte atzera egin, eta ikasle garai urrun hartan kokatzen nauela iruditzen zait. Gure garaiko «octavo» gainditu eta BUP deritzonari aurre egiteko unea ailegatu zenekoa. Aldaketari buruz asko hitz egin ziguten. Nik esango nuke baten batzuk ikaratu ere egin zirela, ustez egin behar ziren lanak medio. Hala ere nolabait lortu genuen hura gainditzea.
Ez dut inongo dudarik aurtengoa ere gaindituko dugula. Egia da partida batzuetan ez dugula gure benetako neurria eman, ez ditugula gure sentimenduak eta sentsazioak ongi kudeatu eta ondorioz porrotarekin etxeratu garela, aurreko asteburuko partidatik bezala. Baina urtea luzea da eta hiru ebaluaketak ongi definituak ditu: Eguberri bitartekoa, Aste Santurainokoa, eta maiatza bitartekoa. Helburua, BUPen bezala, hirugarren ebaluazio bukaeran gure garaiko «aprobadoa» lortzea da. Denboraz gabiltza.
Ikastolan bezala, asteko lana garrantzitsua da, baina azterketan lortutakoak balio du. Ondorioz aste barruko lana barneratu eta partidan mekanikoki ateratzen zaigunean, pauso handi bat emana izango dugu. Lanean jarraitu beharrean gaude, asteburu honetako azterketa gainditu nahi badugu, Universidad de Valladolid. Esan bezala ikasturte hau gogorra egingo zaigu, baina aurrera aterako dugun esperantza osoa dut. 1,2,3 Take!