Imajinatu lan ordu luze baten ondoren, etxera iritsi eta gutun-azal batean gordeta dauden hiru lege aurkitzen dituzula. Ez dakizu nork idatzi dituen ezta zilegiak izango diren. Bai ordea, hemendik aurrera bete beharko dituzunez, pertsona horrekiko duzun harremana betirako baldintzatuko dituen hiru lege izango direla.
Egiten dudana onartezina bada ere:
- Beti barkatuko didazu.
- Beti nire ondoan geratuko zara.
- Beti isilik geratuko zara.
Onartuko al zenituzke hiru lege hauek zure lagun batek idatzi izan balitu? Eta lankide batek? Eta bikotekide batek?
Hiru lege hauek ordea, dagoeneko gizartean idatziak daude, eta ziur nago gehienok bete izan ditugula. Baina zergatik onartu behar ditugu baldintza hauek gure familiakoekin? Gure aitona-amonekin, izeba-osabarekin, gurasoekin …?
Jaiotzen garen unetik irakasten digute familiaren garrantzia, haien babesa betiko izango dugula eta nekez min egingo digutela. Hau horrela gertatzen ez denean ordea, berebiziko mina senti dezakegu eta zoritxarrez, nahiz eta norberak pertsonalki nahiago izango lukeen haiekiko duen harremana aldatzea, ezinezkoa egiten zaigu. Izan ere, gizarteak hitz egiten du, epaitzen du eta behartzen du. Ondorioz, zaila egiten zaigun arren, haien inguruan gure eguneroko bizitza jarraitu behar dugula sentitzen dugu.
Demagun familiako ospakizun batean zaudela. Hots, Gabonetako bazkari batean, urtebetze batean edo dena delakoan. Mahaiaren inguruan eserita zaudete familiako kide guztiak, baina bertan aulki guztiak beteta dauden arren, bada hutsunea sentiarazten dizun pertsona bat. Esaterako zure bizitzako unerik zailenean, zure alboan geratu ez dena edo, aitzitik, zure bizitzako momenturik onenean irribarrerik egin ez dizuena. Baina hala ere, behartuta zaude hura ikustean bi muxu ematea, bazkarian zehar harekin hitz egitea eta gutxi balitz, agurtzean berriz ere bi muxu ematea. Izan ere, bestela ez dituzu zure familiakoak maite, bestela indibidualista bat zara eta bestela kritikatu egiten zaituzte. Baina, zergatik? Zer dela eta jarraitu behar dugu prozedura honekin?
Batzuk aipatzen dudana gertakari isolatu bat delakoan egongo dira, baina ez da horrela. Izan ere, IKEAK eta Sigma Dos enpresek 2023an honi buruzko ikerketa bat gauzatu zuten, “Eta gabon gutxiago, gabon gehiago balira? ”izenekoa, non Gabonetako ospakizunak ardatz gisa hartuz, honako emaitzak lortu zituzten: inkestatuen %40k estresa sentitzen zuen, elkartu nahi ez zuen pertsonekin egon beharragatik eta beste %39ari, berriz, familiarteko elkarrizketa deserosoek, estresa eragiten zioten.
Hori horrela, familiartekoa izatea ez dela beste pertsona bati mina emateko aitzakia esatera ausartuko nintzateke. Modu berean, ez dugu inolako betebeharrik mina egin digun pertsona bati barkatzeko, nahiz eta gure familiakoa izan.
Ondorioz, hasieran aipatu ditudan hiru legeetara itzuliz, nik egingo dudan moduan, honakoa gomendatu nahiko nizueke:
Gertakariak hala eskatzen badu, familiarteko bat izan bada ere:
Ez barkatu, ez geratu eta ez isildu!