Aulki batean eserita, mugikorra esku artean eta itxarongela zuri bateko lau pareten artean harrapaturik aurkitu nintzen urtero bezala beste behin ere. Nire ingurura begiratu nuen eta ni bezala itxaroten ari ziren beste hainbeste pertsona ikusi nituen. Nire hitzordua amaitu ostean, administrariarengana joan eta hurrengo urterako beste hitzordu bat hartu nuen. Modu horretan, zer egin berria online egutegian txertatu nuen, bertan topo egin zutelarik dentistako, bistako, autoko, etxeko galdarako… errebisio hitzorduek. Etxera bidean nindoala, irratia piztu nuen eta beste behin ere, gaur egungo kezka nagusienetakoa den osasun mentalen inguruko eztabaida batekin egin nuen topo. Hala nola, psikologoarengana joateak ematen digun lotsaren ingurukoa. Nik azken honi heldu nion eta nire buruarekin hausnarketan murgildu nintzen.
Gaur egun daramagun bizimodu azkarrak, geroz eta gehiago eragiten du gure osasun mentalean. Denbora falta, lan pilaketaren ondorioz sortutako egonezinak, espektatibetara ez heltzeak dakarren frustrazioa… eskutik helduta doaz. Hori horrela, urteetan zehar ia ezkutuan eta “tabu” moduan landutako gaia azaleratu da, geroz eta gehiago azpimarratzen digutelarik hau ondo zaintzeak dakartzan abantailak. Are gehiago, gizakion osasun mentalaz hainbeste arduratzen dira, non etengabe saltzen dizkigute antsietate, depresio… aurre egiteko produktuak. Hots, arazo mentalak saihesteko gakoak eman ordez, behin hauek izatean zer egin dezakegun soilik zabaltzen dute. Beste hitz batzuetan esanda, gure osasuna merkatuan sartzen da, joko bat balitz bezala: komunikabide zein sare sozialek osasun psikologikoa kaltetzen duela azpimarratzen digute, eta behin gaixotasun hauek pairatzean hartu ditzakegun neurriak zabaltzen dituzte, guk produktuak kontsumitu ditzagun, oso adimentsua euren aldetik .
Nire proposamena hurrengoa da: zergatik ez dugu medikuko, dentistako, bistako, autoko, etxeko galdarako… errebisio hitzorduen moduan, psikologoarena ere aintzat hartzen. Modu horretan, aurrez aipatutako jokoaren amaiera ezarri dezakegu, izan ere, arazoa errotik moztuko dugu. Hau da, osasun mentala zaintzeko konpromezua hartuko dugu kontsumitzeko beharra sortzera iritsi gabe. Bestetik, komunikabideetan agertu ohi diren albisteak gutxitu ditzakegu, besteak beste, suizidio kasuak, hilketak… psikologoarenganako bisita horrek, zenbait jokabide erregularizatzea eraman dezakeelako. Azkenik, irratiko eztabaidari amaiera ere emateko balioko luke, laguntza eskatzeko lotsa alde batera utziz.
Zer deritzozu, azken finean gorputza urtero berrikusteko konpromezua badugu, zergatik ez gara barrua ere aztertzera ausartzen?