Aurtengo udaran, nire lagun mina ikusi beharra izan nuen bere armairuko arropa guztiak maleta handi batean sartu, bere egunerokotasunean erabiltzen dituen objektuak nezeser batean gorde, eta, ilusioz eta nostalgiaz beterik, tren batean sartzen. Bagoian besarkada bat eman eta malko bat begietatik zintzilik zuela agur esan behar izan nion bost urtez egunero nire aldamenean izandako lagunari.
Etxera itzultzean arraro sumatu nintzen, jada ezin nuen pertsona horrekin egon, jada ez nintzen igande arratsaldeetan kafe bat hartzen berarekin egongo eta auskalo noiz emango nion hurrengo besarkada. Nire tristura, ingurukoen hitzek baretu zidaten, teknologia geroz eta aurreratuago dagoenez, erraz mantenduko ginela komunikatuak esaten zidaten behin eta berriz. Gainera, urte batzuk lehenago jaio izan banintz, nire lagunak kabinatik deitu ziezadan itxaron beharko nuela esaten zidaten edo karta bat jasotzera itxaron, prozesu luzea zen hura.
Aurreko astearte gustura jasotzen nituen lagunaren deiak, bere egoitza berria erakutsi zidan bideodei bidez, baita bere ikasgela eta lagunak ere. Momentu horretan oso harro sentitu nintzen teknologiaz, urteetan izandako garapenean eta orain ematen dizkigun aukeretan. Nire laguna, neguko egun euritsu batean kabina hotz batean sartuta imajinatze hutsak, hotzikara ematen zidan.
Joan den asteburuan, berriz tren geltokira bueltatu nintzen, nire lagunaren bisita jasotzeko irrikitan. Trena iristen ikusi eta bere irudia ikusi nuen, hilabeteetan zehar pantaila bidez ikusi nuen moduan. Momentu horretan, trenetik jaitsi, besoak zabaldu eta biok negar egin genuen, ilusioz beterik.
Une horretan ohartu nintzen ez teknologia berriek, ezta inongo pantailak ere ezingo duela sekula ordezkatu besarkada baten epeltasun eta malko baten zirrara ere.
Gaur egun, aurrerapen berriak guztiz txertatuak daude gure errealitatean eta gutxinaka-gutxinaka gure arteko komunikazio zuzena eteten dute. Hala, ez al duzu inoiz familiako bazkari batean, haur bat mugikorrari begira jaten ikusi? Ez al diozu inoiz zure seme-alabari mugikorretik mezu bat bidali, bazkaltzera joan dadin?
Teknologiak dakartzan abantailak ikaragarriak dira bai, baino gure arteko harremanen haustura ere ekartzen du. Gakoa hurrengoa da, nor dago aldaketa guzti hauen atzean? Zergatik gidatu nahi gaituzte geroz eta gizagabeagoa den komunikazio batera? Zein xederekin?