Norberaren hitza da giltza

Erabiltzailearen aurpegia June Makibar Edurza 2025eko irailaren 25a

Desberdintasunak ez gaitzan egin bereizgarri, baizik eta berezi.

Telebista piztu eta hainbeste jendek gomendatu didan Merlí telesailarekin egin dut topo. Nerabeentzako katalogatuta dagoen telesail honek, ez dit utzi hainbeste saldu didaten irudia ordea. Bitxia iruditu zait, telesaileko irakasle baten planteamendua, ikasgelan karpeta berde bat aurkezten du eta bertan dauden ikasleei karpeta hori, gorria dela defendatzeko esaten die. Ikasle bat berandu heltzen denean, gainerako ikasleei galdetzen die ea zein den karpeta horren kolorea eta denek gorria esan ostean, berandu heldu den ikasleari egiten dio galdera. Azken honek, nahiz eta karpeta berez berdea dela jakin, gorria dela esaten du. Ikasgelako dinamika horrek, zer pentsatua eman dit, hausnarketarako ateak ireki dizkit beste behin ere. Horrela, ondorengo galderara iritsi naiz: Norainokoa da gure  askatasuna?

1978az geroztik, badugu konstituzioan biltzen den eskubide bat, adierazpen askatasuna. Honek, norbanakoaren ideiak, modu publiko zein pribatuan partekatzeko eskubidea ematen digu. Hala nola, pentsamenduak adierazteko, sinesmenak jarraitzeko… Teorian, paper gainean idatzia dagoen arren eta zuzenean eskubide hau ukatzen ez diguten arren, nire zalantzak ditut adierazpen askatasuna izateko eskubidea, gizarteak berak ematen ote digun.

Bueltatu gaitezen arestian aipatutako adibidera, telesailarena. Izan ere, aukera ona ematen dit presio sozialak gure askatasunak urratzen dituela salatzeko. Gizakiak existitu den unetik izan du, ezjakintasunaren aurrean beldur. Ondorioz, desberdina den hori baztertzeko joera izan du hasiera batean. Gaur jarrera horiei etiketak jarri dizkiegu: arrazakeria, jazarpena, matxismoa… kontzeptu bidez izendatuko genituzke diskriminazio horiek. Beste hitz batzuetan esanda, badaude egoera batzuk non gizakiak desberdina den hori jazarri egiten duen. Momentu horretan, goi agintariek zuzenean eskubidea kentzen ez dizkiguten arren, gizartea arduratzen da eskubide honi mugak jartzeaz.

Gizarteak berak desberdina izatearen beldurra sortu digu. Betidanik zigortua izan da, gainerakoen berdina pentsatzen ez duena. Hori dela eta, norberak bere buruari, guztion esku egon beharko litzatekeen adierazpen askatasuna ukatzen dio. Esaterako, telesailaren egoeran berandu heltzen den ikasleak pentsatzen zuena ez esaten, edota lantokian edo ikastoletan ardi beltza izatearen beldurrez, gure pentsamenduak guretzako gordetzen ditugunean. Jarrera hau hain barneratua daukagu, non arrotza egiten zaigu norbait bere printzipioen defentsa egiten ikustea. Geroz eta gehiago normalizatu, orduan eta zailagoa izango da begizta horretatik irtetea.

Gure arbasoek utzitako oinordekoa dela esatera ausart naiteke. Baliteke historiak berak erakutsitako jokabidea izatea. Esaterako, sorgin ehizan, gizarteak desberdina zen hori agerian uzten zuen “sorgin” deituz, harenganako presio soziala handituz. Modu berean, “sorgin” haien hitzak ez ziren entzunak izaten, hau da, ez zitzaien adierazpen askatasun osoa ematen. Guzti honekin, aurrez azaldutakoa azpimarratu nahiko nuke, gizarteak hain normalizatuak ditu zenbait jarrera, non zigortu egiten duen bere bidea egiten duen gizabanakoa. Ondorioz adierazpen askatasunak mugak jasaten ditu. Alde batetik, gizarteak berak bakarrik sortzen duen presio sozialarekin. Gizarteak, denok berdin pentsatzera eraman nahi gaitu. Marx-ek esan zuen bezala, gizarteak gizabanakoak bere izatetik urruntzen ditu, alienaziora eramanez eta horretarako berdin da zein prezio ordaindu eta zein eskubide galtzera eramaten gaituen. Bestetik guk geuk, gizabanako bakoitzak ere, geure errua dugu. Hasteko, ez dugulako orokortua dagoen gizarte batean gure indarra erakusten. Izuagatik, izan beharko genukeen adierazpen askatasuna ukatzen diogu geure buruari, nahiz eta teorian libreak garela jakin.

Azkenik, utz iezadazue egia bat aitortzen, gu geu gara gizartearen parte, gure errua da gizarteak zaharkitua dagoen eredu bat jarraitzea eta ez inolako garapenik jasatea. Gizartea artalde baten parekoa da, denak batera aurrera egiten dugu, noranzko berdinean, ezer zalantzan jarri gabe. Ardi beltza ordea, gainontzeko artaldetik desberdina da, baina berdintasun falta hori da hain zuzen ere, bereizgarri ordez berezi egiten duena. Izan ere errealitate horretatik ateratzea ekartzen digu eta kritika egiten dio gizarteari. Hau horrela izango ez balitz, Pitagorasek inoiz ez luke esango Lur planeta esfera bat denik eta ondorioz lurra laua dela pentsatzen jarraituko genuke, edota Darwinek eboluzioaren teoria planteatu izan ez balu, egun beste sinismen batzuetan oinarrituko ginateke.

Azken finean, ardi beltzak ez dira baztertu beharrekoak, haiek baitira gizartea mugitzen dutenak. Norberaren hitza da, ate berriak zabaltzeko behar den giltza.

Noiz arte jarraitu nahi duzu zure buruari eskubideak kentzen eta zure askatasunari mugak ezartzen? Arro sentitzen al zara horrelako gizarte batean bizitzen?



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!