Egun batean, hazi bat izan ginenean, lehen taupadak nozitu genituen. Baina gure bihotz txikiak ez zuen sekula bederatzi hilabetetan bidea bakarrik egin, amaren bihotzak erakutsi zion gureari nola egin tun-tun. Bederatzi hilabetetan zehar geurea izan zen etxetxoan, sekula ez zitzaigun ezer ere falta izan: janaria gure amak ematen zigun, jolasteko amak eskua sabelean jarri eta geuk ostikadatxoak ematen genizkion… Amak bitartean, mina, gorputz txarra… izan zituen gure aurdunaldian lagun eta erditzean berriz, inork inoiz imagina dezakeen sufrimendua pairatu zuen. Guzti hori, lehen aldiz eta ilusio osoz, gure irrifarra ikusteko. Momentu horretan, gure etxea izan zen amaren sabela atzean utzi eta bizitza osoan besarkatuko gaituzten besoak ezagutu genituen.
Haurrak garenean, amarekiko izugarrizko dependentzia daukagu, izan ere, inkonszienteki bada ere, behin amaren gorputzaren parte izan ginen eta lotura emozional horrek luzaroan irauten du. Txikiak garen unetik, gure ama gure etxea bilakatzen da berriz ere, bertan aurkitzen dugularik babesa, maitasuna eta hezitzeko behar dugun indarra. Haurrak garenean, amak dena dakiela pentsatzen dugu, baina inork ez dio irakatsi egun batetik bestera bizitza aldatuko zaiola eta txikiaren ongizatea lortzeko pausoak ez direla errazak. Haurra jaiotzen den momentuan, amak ez du argibide libururik jasotzen, guk amarengandik ikasi dugun moduan, hark gugandik ikasi du. Hori bera da ama-haur harremana berezia egiten duena.
Amak gure egunerokotasunean egiten ditugun ekintzak irakatsi dizkigu: gure lehen pausoa ematen lagundu zigun, gure lehen hitza entzun zigun eta erratu ginen aldiro gurekin egon da kosta ala kosta. Gure bizitzan topatu ditugun buruhausteen irtenbidea bilatu du, nahiz eta horretarako bere gauak inoiz baino luzeagoak izan diren. Gure zauriek guri negarra eragiten diguten arren, amaren bihotza uzkurtu eta txikitu egiten da mina ematen diguten aldiro.
Ama, gure ongizateaz arduratzen da, baina uzten al diogu ama paper horretatik pixka bat aldentzen, berak ere bizitza goza dezan? Amatxo zareten guztiok merezi duzue aitortza.
Zorionak egiten dezuen lan guztiagatik, zorionak gu hain ondo hezteagatik, mila esker zuen bizitza gure ongizatea bilatzea bideratzeagatik eta eskerrik asko guregatik egiten dezuen guztiagatik.
Zorionak ama zareten guztioi eta bereziki zorionak nireari, maite zaitut ama.