Portzierto

Erabiltzailearen aurpegia Julen Telleria Lopetegi 2021ko uzt. 29a, 20:58

Euskaltzaindiak 'portzierto' onartu du bere hiztegia gizentzen duten zientoka milaka hitzen artean. 'Portzierto'. Batzuk eskuak buru gainera eraman dituzte, Obelix gosetua gerturatzen ikusi duen soldadu erromatarraren aurpegia jarriz, hori Cervantesen gazteleratik eratorria dela eta gure linguae primitiaean nola ametituko dugun galdezka. 

Portzierto, ni lehendabizikoz oraintxe jabetu naiz kastellanotik datorrela; gure etxeak ez daukan tximiniako sutondoaren epeletan, betidanik entzun izan dudalako 'portzierto', euskara jatorrean. Portzierto, gaur hemen irakurritakoarekin ez bedi inor asalda, mesedez, hau oso urruti baitago edozein teoria filologikotatik; ikuspegi xume eta pertsonal bat besterik ez du izan nahi.

Euskararen zuzentasun-ez zuzentasun dikotomiaren, edo, hobeto esanda, egokiera-ez egokiera zalantza eternalaren aurrean, beti egin izan baitut nik ariketa berbera: nola esango zukeen hau gure amona Mariak? Sarri ixten ditut begiak (beno, normalean irekita ditudala egiten dut hau, baina horrela esanda epika gehiago dauka) eta bidaiatzen dut Belauntzako gure baserriko sukaldeko epeletara. Han ere ez zen tximiniarik. Baina egoten zen gure amona zena, eta hark euskaraz baizik ez zekien. Egiazki, erdaraz ere moldatzen zen, behar zuen guztietan. Halabeharrak erakutsita. Beste aldera, halabeharrak gaztelania bezainbat euskara erakutsi izan balu, bizarra moztuko nuke… Baina, tira, amona Mariak espezial egiten zuela euskaraz, despazio eta edonork ulertzeko moduan, batuarik jaso ez bazuen ere. Portzierto, ez zen ez hizkuntzalari, ez irakasle, ezta bertsolaria ere. Baserritarra zen, lurretik jaso zuen euskara. Horregatik, Damoklesen ezpata nire lepo ondoan nabaritzen dudan aldiro bidaiatzen dut amonaren ondora, eta imajinatzen hark zer eta nola esango zukeen. Portzierto, pila bat gustatzen zait 'portzierto'. Amonari ere entzun diot, eta.

Damoklesen ezpata nire lepo ondoan nabaritzen dudan aldiro bidaiatzen dut amonaren ondora, eta imajinatzen hark zer eta nola esango zukeen

Portzierto, hau izango da hemen nire azkena. Iritzi asko izaten jarraitzen dut, kolore, forma eta tamaina anitzekoa, baina, batzuetan niretzat bakarrik gordetzea ere gauza ederra dela ikasi dut. Beraz, hemendik aurrera, nire berri jakin nahi baduzu, esazu hirutan 'portzierto' eta agertuko naiz hegan. Eta hartuko dugu elkarrekin hemengo nire lehendabiziko iritzian agindu nizun zuritoa. Oraindik ez baitizut atera. Portzierto.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!