Behingoz arrazoi on bat

Nik korri egiten dut. Ahalik eta azkarren, gainera; edo horretan saiatzen naiz, behintzat. Eta, egia esan, ez dakit zergatik, behin ere ez baitzait besterik gabe korri egitea gustatu izan, pilota edo baloi baten atzetik ez bada.

Baina, aizu, Forrest Gump ahalguztiduna bera bezalaxe, egun batean hasi, eta ezin geratzeko arrazoirik topatu. Gauza ederra baita, lagunok, eta probatu duenak ondo daki, norbere buruarengan arerio bat aurkitu eta hura gainditu nahian aritzea. Ni naiz, beraz, nire kontrariorik onena.

Neurtzen ditut egindako kilometroak, behar izan ditudan minutu eta segundoak, kostatu izan zaizkidan bihotz-taupada guztiak eta emandako pausoak. Kontatzen ditut izerditu ditudan entrenamendu saioak eta atseden hartutako egunak. Zenbatzen ditut amaitu ditudan lasterketak eta oraindik ere egiteko falta zaizkidanak. Eta beti horrela. Beharbada ikusten diozue, honi, obsesio puntu bat, eta askok seko erotzat ere joko naute. Ba, aizue, gustura bizi naiz nire obsesio ero honetan. Arrazoirik izan gabe, korrika bizitzean.

Datorren astean, hala ere, arrazoi bategatik egingo dut korrika. Eta berdin izango zait zenbat kilometro egin, zein abiaduratan, zenbat nekez eta zenbat kaloria errez. Utikan neurri guztiak. Ez dut areriorik nahiko, ezta neure buruarengan ere. Ez inor gainditu nahi, ez inor baino hobea izan. Eta, aitortuko dizut, asko gustatuko litzaidakeela zu ondoan topatzea. Ahaztuko ditugu gainerako desberdintasun guztiak, eta gogoratuko gara benetan merezi duenaz; euskaraz. Oraindik ere, tamalez, putzu sakon eta ilunari puska bat falta baitzaio, itsaso urdin eta zabal bat izan dadin. Lagun dezagun horretan, beste ahalegin txiki batean, milaka olatu txikik. Animatu zu ere Korrika.

Ah, eta garbi gera dadila, Korrika pasatu ondoren, nik korrika jarraitzeko asmoa daukadala. Beste arrazoirik gabe. Eta neurri guztiekin. Baina, betiere, euskaraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!